Zumaia TKE ligan

Telmo Deunek estropada polita egin du gaur Orion

Baleike 2016ko uzt. 9a, 20:42

Orioko traineru estropada jokatu berri da gaur, San Miguel ligarako laugarren estropada puntuagarria. Zumaiak lan ona egin du eta hamargarren postuan sailkatu da. Garrantzitsuagoa: aurretik duen Portugaleterengandik puntu batera jarri da. 

Erlojuaren aurkako estropada izan da gaurkoa. Lehen txandan aritu dira Patxi Francesen mutilak, Portugalete, Tiran eta San Pedrorekin batera. Portugalete ordua baino lehen atera da eta hamar segunduko zigorra jarri diote epaileek. Bizkaitarren arratsa penagarria izan da: bigarren ziaboga estriborretik hartu dute eta 40 bat segundu galdu dituzte. Hirugarren luzean, amore emanda, atzetik abiadan zetorren Tirani ez dio pasatzen utzi eta azkenean deskalifikatu egin dute epaileek. Beraz, punturik ez dute gaur gehitu horiek.

Ez da estropada honetan jarritako zigor bakarra izan: bigarren txandan, Cabori hamar segunduko zigorra ezarri diote epaileek, Portugaletek bezala, ordua baino lehen ateratzeagatik. Zigorra medio, estropadaren amaieran Zumaiaren atzetik kokatu dira galiziarrak.

Orioko estropadaren ondoren, sailkapeneko azken postuan jarraitzen du Zumaiak, 7 punturekin, baina Portugaleterengandik puntu bakarrera. San Pedro ihes egin du gaurko estropada onaren ondoren: 13 punturekin daude pasaitarrak.

Lidergoan jarraitzen duena Unai Osa Zumaiako patroia da, 6 punturekin.

Bihar, 12:00etan, V. Eusko Label bandera jokatuko da Donostian. 

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide