Zumaia Masters-eko finala jokatuko dute Goikok eta Enbilek igandean

Baleike 2016ko uztailaren 18a

IƱaki Osa Goikoetxearen pilotakada atzo Aitzurin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Jai Alai World Tour txapelketako bi partida jokatu dira Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Olha-Etcheto eta Goikoetxea-Enbil izan dira Zumaiako Masterseko finalaurrekoetako irabazleak.

Zesta punta profesionaleko estreinako bi partidak hartu ditu asteburuan Aitzuri pilotaleku berriak. Munduko puntista onenak bildu nahi izan dituen Jai Alai World Tour txapelketaren barruan, Zumaia Masters txapelketako finalaurrekoak jokatu ziren igandean. Lehen finalaurrekoa Olhak eta Etchetok irabazi zuten, Egiguren II.a eta Erkiagaren aurka (15-14, 11-15 eta 5-3); eta bigarrenean Goikoetxea eta Enbil etxeko bikoteak lortu zuen garaipena, Olharan eta Inzaren aurka (12-15 eta 13-15).

Norgehiagokaren hasieran jaun eta jabe izan ziren zumaiarrak, eta 0-6 aurreratu ziren. Baina handik aurrera ikaragarri zaildu zitzaizkien lanak. Bigarren setean hortzak estutu zituzten Olharanek eta Inzak, eta aurrelariak zailtasun eta edertasun handiko tantoak lortu zituen. Hala ere, Goikoetxea eta Enbil izango dira igandeko finalean, Olha eta Etchetoren aurka.

Zumaiako Masterseko puntuak baliagarriak dira World Tourrerako. Behin herrika antolatutako Mastersak amaitutakoan, lortutako puntuen arabera osatuko dira finalaurrekoak jokatuko dituzte bikoteak. World Tourreko finalaurrekoetako bat Zumaian jokatuko da, irailaren 2an. Final handia berriz, Donostian izango da, irailaren 9an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide