Indarberrituta itzuli da Dinastia Etxabe pilota txapelketa Zumaiara

Baleike 2016ko uztailaren 20a

Pilota munduaren ordezkaritza esanguratsua bildu zen asteleheneko aurkezpenean. Argazkia: Gorka Zabaleta

Ostiralean jokatuko dira 45. ekitaldiko lehen bi partidak, Aitzuri pilotalekuan. Txapelketa Zumaiara bueltatu da, zortzi urtez Zestoako Gurutzeagan jokatu ondoren.

Ziurrenik, pilotalekurik gabe gelditzea izango pilota txapelketa bati gerta dakiokeen okerrik handienetakoa. Halaxe gertatu zitzaion Dinastia Etxabe txapelketa antolatzeaz arduratzen den lagun taldeari, 2007ko udazkenean Udalak Odieta ia erabat eraitsi zuenean. Baina ataka estuenari ere aurkitu zioten irtenbidea. Zortzi urtez Zestoako Gurutzeagan jokatu da Dinastia Etxabe, arrakasta handiz gainera, eta Zestoako herriak emandako laguntza eta babesa eskertu ditu Zumaiako pilota elkarteak. Azkenik, Aitzuri pilotaleku berria prest dago Zumaian eta aurten herrira itzuli txapelketa. Bihar jokatuko dira lehen bi partidak, 22:00etatik aurrera.

Aste honetan egindako aurkezpen ekitaldian bertan erraz iger zitekeen indarberrituta itzuli dela txapelketa herrira. Aitzurin bildu ziren, erakundeetako ordezkariez gain, Dinastia Etxabeko historian parte hartutako hainbat pilotari ohi, aurtengo txapelketan parte hartuko duten zenbaitekin batera. Eta ados daude denak, Dinastia Etxabe oso garrantzitsua da pilota munduarentzat.

1971n jokatu zen lehen ekitaldiko irabazle izan ziren Luis Mari Alberdi zumaiarra eta Carlos Etxarte getariarra. Alberdik gogoan du garai batean ia bi hilabetez luzatzen zela txapelketa: «Abuztuan eta irailean jokatzen zen, eta sekulako oihartzuna zuen, jende asko erakartzen zuen pilotalekura». Juan Mari Juaristi Atano XIII.ak ere hartu zuen parte Dinastia Etxaben. Bere iritziz, txapelketa hauek beharrezkoak dira pilotari gazteek jokatzeko aukera izan dezaten: «Dinastia Etxaberen pareko txapelketa gutxi gelditzen dira gaur egun, baina eutsi egin behar zaie eta indartu, jendaurrean jokatzen ikasteko aukera paregabea direlako pilotari gazteentzat». Aitor Elkorok ere jokatu zuen Odieta zaharrean: «Gaur egun pilotari gazteek ez daukate partidak jokatzeko aukera handirik, eta txapelketa hau inoiz baino beharrezkoago dira».

Euskal Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregirentzat Dinastia Etxabe erreferente bat da pilota munduan, eta erronka ere bota zien antolatzaileei: «Lan talde baten lanari esker, txapelketa hau oso aberasgarria da pilotarentzat. Orain, zorionez, frontoi ederra daukagu Zumaian. Antolatzaileei ezin zaie gehiago eskatu, baina, aukera balego, polita litzateke eskuzko txapelketaz gain, pala eta zestakoa ere antolatzea». Palakoa jokatzen zen garai batean.

Finalak abuztuaren 25ean

Finalak abuztuaren 25ean Aurten ere bikote ahalik eta orekatuenak osatu dituzte antolatzaileek, ikuskizuna bermatzeko –40 pilotari dira guztira–. Final-zortzirenak ostiralean hasiko dira, 22:00etan, partida hauekin: Peña-Salegi eta Larrañaga-Irurita; E. Labaka-Garmendia eta A. Etxebarria-O. Etxebarria. Final-zortzirenetako eta final-laurdenetako sarrerak bost euroan jarriko dira salgai. Txapelketa osoko bederatzi jaialdiak ikusteko bonoak ere egongo dira aukeran, 25 euroan.

Aurten pilotari guztiek txapelketako jantzi ofiziala izango dute, Caixabankekin lortutako akordioari esker. Bestalde, 7.500 euroko aurrekontua osatzeko Udalak emandako laguntza ere eskertu dute txapelketako antolatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide