'Kolorez bizi Zumaian', Udalaren aldizkari berria

Baleike 2016ko uztailaren 21a

Oier Korta eta Jon Iraola, aldizkari berria eskutan.

Datozen egunotan banatuko du Udalak Kolorez bizi Zumaian udal aldizkari berria. Hiru hiletik behin argitaratuko dute eta herriko etxe guztietara banatuko da. 

Joan den urtean utzi zion Udalak ZumaiaZu aldizkaria argitaratzeari, Udal Gobernu berriaren erabakiz. Oier Korta alkateak azaldu duenez, aldizkariaren inguruko hausnarketa egin nahi zuten, beharrekoa ote zen eta izatekotan nolakoa, eta zenbait hilabeteko lanaren ondoren, gaur aurkeztu dute argitalpen berria. Kolorez bizi Zumaian jarri diote izena, erabat koloretan da eta lehen zenbakiak 20 orrialde dauzka.

Uztaileko zenbakian, Alkatearen agurrarekin batera, agintaldiko lehen urtearen balantzea egin dute eta legealdirako dauzkaten lan ardatzak zehaztu; ondoren, argazkiz osatutako atala izango du aldizkariak, lehen zenbakian San Pedroak landu dituztelarik; ondoren, herritarren iritziak biltzeko tartea sortu dute; eta jarraian elkarrizketa (Lucia Lacarra) eta erreportaje (oroimen historikoa) bana; Udalean ordezkaritza daukaten alderdi politikoen zutabeak eta kontrazaleko agenda ere osagai finkoak izango dira aldizkariaren egituran.

Oier Korta alkateak gaur goizean egindako aurkezpenean esan duenez, aldizkaria beharrezkotzat jo dute, oraindik ere jendea askok paperean irakurtzen duelako, sare sozialek eta Internetek gero eta indar handiagoa duten arren. "Aldizkaria parte-hartzaileagoa, koloretsuagoa eta erakargarriagoa" izatea bilatu dute."Aldizkariak, herriko gai esanguratsuenak landuko ditu, baina hauek modu erakargarri, arin eta entretenigarri batean aurkeztu nahi izan ditugu” azaldu du alkateak. “Diseinu berria ez da jada zuri beltzean izango, alaia eta koloretsua baizik, argazki ugari izango ditu eta irudiek garrantzi handia izango dute” jarraitu du Kortak. "Zumaian eta zumaiarren artean pil-pilean dauden gaiak jorratzen saiatuko gara eta noski, herritarren partaidetza sustatuko dugu aldizkarian, eurek ere, kale inkesta edo erreportaje eta elkarrizketa bitartez, modu aktiboan parte hartu dezaten" osatu du.

2016an bi zenbaki argitaratuko dituzte, bat orain eta bestea udazkenean. Aurtengo aurrekontua 18.000 eurokoa da, eta 2017an lehiaketara aterako dute aldizkariaren ekoizpena.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide