Euskal Herriko txirrindulari junior onenak Zumaian

Baleike 2016ko uztailaren 21a

Larunbatean Joxe Mari Kortaren oroimenezko junior mailako txirrindulari lasterketa jokatuko da Zumaian. Lasterketa ez da Gipuzkoako egutegiko lasterketa xume bat izango, Euskalerria torneorako puntuagarria izango da, eta honek esan nahi du Euskal Herriko txirrindulari jubenil onenak Zumaiako karreran izango direla hilaren 23an.

Lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da eta ibilibide gogorra izango du; aurki Espainiako txapelketak jokatuko dira eta hara begira Euskal Herriak ordezkaritza indartsua prestatu nahi du eta Zumaiako lasterketa oinarri izan daiteke horretarako. 120 km-ko ibilbidea izango du eta ibilbide horretan Meaga bi aldiz igoko da, Garate behin eta, hori gutxi balitz, helmuga baino lehen Odieta kaletik Arritokietarako bidea hatu eta Saskatetik Jadarre auzora jaitsiko dira txirrindulariak, ibilbidearen amaieran, Axular ibiltokian helmuga aurkitzeko.

Ikusgarria da ibilbidea eta parte hartzaileek ikusgarriago egingo dute jubenil mailan bakerik ez baita izaten. Mikel Arregi Ulmako txirrindularia da lider Euskalerria Torneoan, bera aurrean ibil daiteke baina aurkaririk ez zaio faltako espero den 160 ziklisten arteko pelotoian.

Ohiko sariez gain, J.M. Kortaren oroimenezkoak eta Joxe Mariren bizitza eta lan filosofiari jarraituz, lasterketako talderik onenak sari berezia izango du; beti bezala talde osoarentzat Zumaiako Zelai talaso-hotelean egonaldia oparituko da. Espainiako Estatuan horrelako sari bat eskaintzen duen lasterketa bakarra da Zumaiakoa, horregatik oso ondo prestatuta eta gogo handiarekin etortzen dira txirrindulariak proba honetara.

Lasterketa erakargarria da, parte hartzaileek gogo bereziz aurre egiten diote, ikuskizuna bermatuta dago. Larunbatean 10:00etan hasiera, 13:00ak aldera amaiera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide