Zumaiako negozioek Interneten euskaraz sareratzeko abantaila izango dute

Baleike 2016ko uztailaren 21a

PuntuEUS Fundazioko zuzendari Josu WaliƱo eta Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabal akordioa sinatzen.

Tokikomek eta PuntuEUS Fundazioak hitzartutako akordioari esker, Zumaiako merkatariek abantaila izango dute .EUS domeinua eskuratzeko.

Euskal Herri osoko euskara hutsezko 60 komunikabide –Baleike tartean– batzen dituen Tokikom enpresak eta .Eus domeinua kudeatzen duen irabazi asmorik gabeko PuntuEUS Fundazioak akordioa sinatu dute, euskarak Interneten duen presentzia elkarlanean areagotzeko, .EUS domeinuaren zabalkundea sustatuz Tokikomeko bazkideen bidez.

Merkatari txikientzako erraztasunak
Akordioaren lehen emaitza herriz herriko merkatari txikiei zuzendutako ekimen berezia da. Kanpaina horri esker, PuntuEUSek eta TOKIKOMek erraztasunak emango dizkiete merkatariei interneten presentzia izateko, toki komunikabideen gida komertzialen bidez.

Hala, gida komertziala martxan duten toki komunikabideek aukera eskainiko diete merkatariei, .EUS domeinu-izen bat 15 euroan erosi eta/edo berritzeko, gida komertzialeko haien orriarekin lotzeko. Domeinuon merkatuko prezioa 50 eurotik gorakoa da gaur-gaurkoz.

TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek azaldu duenez, "TOKIKOMek tokian tokiko eragileetan ditu bere erroak, eta konpromiso sendoa du tokiko eragileekin. Herrietako dendari txikiak toki komunikabideen aliatu naturalak dira, eta guretzat poz handia da denda txikiei internetera salto egiteko laguntza eskaini ahal izatea".

Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak, azpimarratu du akordio honek eragin bikoitza izango duela: "Dendari txikien presentzia digitala .EUS domeinuen bidez bultzatuz, euskararen esparru digitala ere hedatuko dugu. TOKIKOMeko bazkideek osatzen duten sare zabala horretarako baliatzea oso emankorra izango da gure ustez".

Aitzindariak Zumaian, Soraluzen eta Debagoienan
Behin hitzarmena sinatuta, toki komunikabideak berehala hasiko dira eskaintza honen berri ematen tokian tokiko dendariei. Momentuz, Zumaiako BALEIKE.EUS, Soraluzeko PLAENTXIA.EUS eta Debagoienako GOIENA.EUS agerkariak izango dira aitzindariak, baina laster batuko zaizkie beste batzuk ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide