Ondo gogoan du lehen mendi lasterketa noiz jokatu zuen:«2008ko ekainean, Mutrikun Arnoko igoera. Irabazi egin nuen baina, egia esan, bi neska bakarrik ginen. Egunkarian ikusi nuen hurrengo egunean Olazagutian bazegoela beste lasterketa bat eta hara ere animatu nintzen. Han ere irabazi egin nuen, eta hura Euskadiko Kopako proba zen. Hura izan zen hasiera».
Bere palmaresa irakurri besterik ez dago konturatzeko orduz geroztik Oihana Kortazarren ibilbidea distiratsua izan dela. Mendi lasterketa garrantzitzuenak irabazi ditu: Munduko Kopa, Europako Txapelketa, Zegama-Aizkorri, Flysch Trail, eta beste hainbat. Baina berak ez dio bere buruari aparteko meriturik aitortzen. Batetik, beti izan dituelako kirola eta mendia gustuko. «Mendian korrika hasi aurretik ere, Elgeta inguruko mendietara igotzen nintzen, eskolako apunteak hartuta azterketa garaian. Bizikletan ere ibiltzen nintzen gaztetan, baina ez nintzen ona. Duatloiak egin nituen gero... Beti gustatu izan zait kirola eta txikitatik ikasi du kirolak zer diziplina eskatzen duen eta hori oso garrantzitsua izan da gero goi mailan lehiatzeko».
Bestetik, pribilegiatua sentitzen dela dio, inguruan laguntza handia duelako. «Askotan azpimarratzen didate, meritu handia dudala bi semeren ama izanik goi mailako kirola egiten segitzeagatik. Alde horretatik, meriturik ez diot aitortzen nire buruari. Seguru nago seme-alabak dauzkan beste edozeinek zailtasun handiagoak dauzkala bere eguneroko bizimodua antolatzeko». Berak oso garbi izan du beti lehiako kirola ez zela amaituko amatasunagatik, baina badaki ez dela ohiko egoera. «Normalean emakume kirolariek amatasuna atzeratzen dute kirol ibilbidea amaitu arte».
Kortazarren iritziz, norberaren baitan dago kirola egiteko erabakia, baina aitortzen du emakumeek oraindik zailtasun handiagoak dauzkatela, besteak beste, haurrak zaintzeko ardura beraien gain uzten delako. Bestalde, emakumeen kirola oraindik ere gutxietsia dagoen arren, mendi lasterketetan ez omen du halakorik sumatu: «Behin gertatu zait, emakume izateagatik sari eskasagoa jasotzea. Ez naiz gehiago itzuli proba hartara».
Kirolaren zentzuari lotutako hausnarketa bat ere utzi du: «Lehiako kirolean emaitzak balio du, dudarik ez; baina denborarekin ikasten duzu ez dela garrantzitsuena. Lehiatzeko gaitasuna egunen batean amaituko da, baina kirolaz gozatzeko aukera ez. Neuk, sustraietara bueltatzen ikasi dut. Lasterketa batean postuagatik-edo sufritzen noanean, kirola egitera bultzatu ninduten hasierako sentsazio haiek bilatzen ditut. Azterketa garaian Elgetako tontor hartan sentitzen nuen lasaitasun hura, mendian ibiliaz sentitzen den askatasuna. Gozamena, azken finean. Korrika egiteko gaitasuna galtzen dudanean, etxe inguruko tontorretara oinez igotzeko gai izatea, hori da nire ametsa».