Arraunaren hiriburu izango da Zumaia asteburuan

Baleike 2016ko uztailaren 28a

Estropada bete dator asteburua Zumaian. Larunbatean Gipuzkoako Ligako eta KAE2ko estropadak jokatuko dira 17:00etatik aurrera, eta igande eguerdian Euskotren eta San Miguel Ligakoak. Zumaiarrak gorriz jantzi eta etxeko trainerua animatzera deitu ditu Telmo Deun arraun elkarteko presidente Anjel Etxanizek, gaur eguerdian Algorri Interpretazio Zentroan egin den aurkezpenean.

Arraunzale amorratuena ere asetzeko moduko asteburua daukagu aurrean Zumaian. Larunbatean, 17:00etan, Gipuzkoako Ligako estropada jokatuko da aurrena, eta jarraian KAE2 Ligakoa. Zumaiako gazteak etxean arraunean ikusteko aukera paregabea izango da KAE2 Ligako estropada. Eta igandean, 12:00etan, aurrena Euskotren Ligako estropada (Zumaiako V. Ikurriña), eta segidan San Miguel Ligako 11. jardunaldia (Zumaiako XXXI. Ikurriña). 2013an jokatu ziren azken aldiz TKE Ligako estropadak Zumaian baina, Telmo Deunek maila gorena berreskuratuta, aukera izango da berriro traineru onenen lehia ikusteko.

Telmo Deun arraun elkarteko presidente Anjel Etxanizek aitortu du asteburu berean lau estropada antolatzeak lan handia suposatzen diola elkarteari, baina gustura egiten dutela. San Miguel Liga ahaztu gabe, bereziki azpimarratu du larunbatean aukera ederra dagoela "gogo handiz" entrenatzen ari diren gazteak ikusteko. 

San Miguel Ligako estropadari dagokionez, Etxanizek uste du Zumaiako estropada eremua arraunlarien gustukoa dela, olatua trabeska datorren arren. "Itsaso zabalean da eta hori gustatzen zaio arraunlariari. Olatuak albotik jotzen du eta hori ez da betere erosoa, baina hor ere jakin behar da arraunean egiten".

Telmo Deun gaur egun sailkapeneko azken postuan dago, baina elkartean ez dute itxaropena galdu. "Zortzi estropada gelditzen dira eta zortzi puntuko aldea ateratzen digu Portugaletek. Guk orain arte ez dugu zortea alde izan, baina itxaropena badaukagu aurten ere Olarro Eguna galduko dugula, kanporaketa jokatu behar dugulako", esan du Etxanizek.

Bestalde, dei egin die herritarrei kamiseta gorria jantzi eta etxeko arraunlariei animatzeko, eta kritika txiki bat ere egin du: "Sevillan, Galizian edo Kontxan zumaiar asko ikusi ditugu, baina gero inguruko estropadaten bakan batzuk baino ez. Parrandarako edota oporretarako aitzakia ona da traineruari segitzea, baina ez orduan bakarrik. Guk kamiseta gorri gehiago ikusi nahiko genituzke estropadetan; gainera aurten gorri guztiak gureak dira, Castro ez dago eta".

Gotzon Enbil kirol zinegotziak ere herritarrak animatu nahi izan ditu, asteburuan herriko trainerua animatu dezaten, eta Zumaian arraun giroko asteburu ederra izan dezagun. 

Telmo Deun arraun elkarteak errifak salduko ditu asteburuan, marisko eta arrain otar eder bat zozkatzeko. Kamisetak ere salduko dituzte, larunbatean Erribera kalean eta igandean Arranpla parean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide