Aranzadik eta Udalak hitzarmena egin dute Gerra Zibilak Zumaian izandako eragina liburu batean jasotzeko

Baleike 2016ko uztailaren 29a

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Zumaiako Udalak hitzarmen bat egin dute Gerra Zibilak Zumaian izandako eragina lantzeko. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du eta atzo egindako Udal Plenoak zinegotzi guztien adostasunaren onartu zuen.

Aski jakina da Gerra Zibilaren harira Zumaian zer nolako gorrotoak piztu ziren. Horren erakusgarri dira 1937ko otsailaren 13an izandako kanporaketak. Egun lazgarri hartan,  345 emakume, haur eta edadetu bota zituzten Zumaiatik. Hau izango da 1936ko Gerrak Zumaian eragindako ekintza, tragedia, ezagunena. Baina gehiago dago, askoz gehiago.

Urte hauek guztietan Joseba Esnal zumaiarra, Erkibe taldeko kidea, garai haren inguruko hainbat dokumentazio biltzen aritu da. Dokumentazio horrez eta beste gehiagoz baliatuko da Aranzadi Zientzia Elkartea Gerrak Zumaian izandako eraginaren inguruko lanketa bat egiteko. Antzerako lanketak egin dira edo egitekoak dira beste herri batzuetan, Aian eta Azpeitian, hurrenenez hurren.

Oier Korta alkateak plenoaren aurretik azaldu zuenez, informazio hori guztia liburu batean biltzeko asmoa dago. Hitzarmenaren baitan, ordea, ikastetxeetarako material didaktikoa sortzea ere aurreikusten da, “Zumaiako eskoletako ikasleek jakin dezaten zer gertatu zen beraien herrian Gerra garaian”.

Esan bezala, hiru urteko iraupena izango du hitzarmen honek eta Udalak urtero 10.000 euro bideratuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eman ditzaketen diru laguntzak eskatzea ere ez da baztertzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide