Proposamena zinegotzi guztien aldeko botoekin onartu zen. Oier Korta alkateak azaldu zuenez, tabernaren esleipena lehiaketara ateratzeko dokumentazioa ia prestatuta dago eta egun gutxi barru argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, beti ere Zumaiako Kirol Patronatuaren izenean.
Kirol ekipamenduetan alkohola saltzea debekatzen duen legea onartu du aurten Eusko Jaurlaritzak. Zumaiako Udala jakitun da lege horrek taberna hau kudeatzeko interesa duen jende asko uxatu dezakeela, baina irtenbide bat aurkitu dutelakoan da. Hala adierazi zuen alkateak. "Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin dugu lege honen inguruan. Kirol jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik, jarduera hori bukatu eta 15 minutu pasa arte ezingo da alkoholik saldu; bai, ordea, kirol jarduerarik ez dagoenean. Kirol jarduerarik ez dagoenean alkoholdun edariak saldu ahal izango dira".