Zuri-beltzezko argazkietara mugatutako lehiaketa da hau. Aurtengo gaia Zazpi itsasoak izan da. "Lehiaketa honek duen berezitasunetako bat da gai bat ematen dela eta horren inguruan egin behar dutela lan. Aurten Aita Mariren heriotzaren urteurrena da eta egokia ikusi genuen gai hau", azaldu zuen Distirako kide Jorge Murgiondok.
Guztira 137 lan aurkeztu dira, espainiar estatu osotik bidalitakoak. Epaimahaia uztailaren 15ean elkartu zen erabakia hartzeko. Epaimahaikideak Asier Garagarza, AFIAO eta ECEF tituloen jabea, Oskar Gascon, Irungo Argazki Elkarteko kidea eta iazko lehiaketako irabazlea, eta Pilar Aguayo, Gipuzkoako Argazki Elkarteko kidea izan ziren.
Sari-banaketa ekitaldian adierazi zutenez, bi ordu luzez izan ziren eztabaidatzen erabakia hartu arte. Javier Pedro Fernandez Ferreras argazkilariaren Inmersion lana izan da epaimahaiaren ustez onena. "Thailandian atera nuen argazkia. Bertako tribu batekin egon nintzen eta hauek txikitatik ikasten dute urpean ibiltzen, ia oinez egiten baino lehen. Olympus kamera txiki bati karkasa jarri nion eta harekin atera nuen argazkia. Karkasa ia kamera bera baino garestiagoa atera zitzaidan!", adierazi zuen irabazleak.
Bigarren saria Miguel Planellsek irabazi du En las tinieblas argazkiarekin. Gironakoa da argazkilaria eta ez zen sari-banaketan izan. "Ia amaierara arte berea zen guretzako argazki onena, estilo hori asko gustatzen zaigulako, baina denbora pixka bat hartu genuen berriro pentsatzeko eta ikusi genuen Ferrerasena hobea zela. Hala ere, oso argazki ona da", goraipatu zuten epaimahaikideek.
Hirugarren saria, berriz, Luis Martinez Aniesak irabazi du La Concha lanarekin. "Egunero ibiltzen naiz paseatzen inguru horretan eta argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dut. Eguzkia ezkutatzen hasten den momentuan hartuta dago eta figura hauek islak izatea nahi izaten dut. Esan daiteke lapurtutako argazki bat dela, baina urrutitik hartuta dago bertan daudenak zein diren ez antzemateko", kontatu zuen Aniesak. "Saria emateko arrazoietakoa da oso desberdina dela besteekiko. Gero, margo itxura ere badu", adierazi zuten epaimahaikideek.
Zumaiarren saria Luis Fco. Llavori Romatetek jaso du Bakardadean lanagatik. "Talaimendin nebilen orkidea batzuei argazkiak ateratzen eta belaontzi hori ikusi nuen. Esango nuke argazki bakarra atera niola, hauxe", esan zuen argazkilari zumaiarrak.
Saritutako lanekin eta lehiaketara aurkeztutako beste batzuekin erakusketa muntatu da. Abuztuaren 15era bitartean izango da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era.
