Telmo Deun bigarren izan da Zumaiako estropadan (KAE2)

Baleike 2016ko uztailaren 30a

Lau traineruak parean bigarren ziabogan. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Oiartzungo Itsaslapurrak-ek irabazi du gaur arratsaldean Zumaian jokatu den KAE2ko estropada, denboraldi osoan erakutsitako nagusitasunarekin. Telmo Deunen bigarren trainerua izan da bigarren, orain arte egindako estropada onenean. Gipuzkoako Ligako estropada Getaria-Zarautzek irabazi du. Bestalde, San Miguel Ligan Zumaiak beste puntu bat jan dio Portugaleteri Pasaian. Bihar etxean izango da maila goreneko estropada (12:00etan).

Estropada zoragarria egin du gaur arratsaldean Telmo Deunen bigarren traineruak KAE2ko estropadan. Bigarren txandan atera dira zumaiarrak, Donostiarra, Camargo eta Bermeo-Mundakarekin. Bosgarren eta zortzigarren postuaren artean sailkatu dira normalean aurten baina gaur, etxean, beraien onena atera eta, txanda irabazteaz gain, bigarren bukatu dute azken sailkapenean, Oiartzunen atzetik. Txanda ederra izan da gainera, lau traineruak pare-parean ibili baitira hirugarren luzera arte. Hirugarren ziabogara lau segundoko aldearekin iritsi da Zumaia Donostiarrarekiko, eta aldeari eusteko gai izan da azken luzean.

San Miguel Ligari dagokionez, Portugalete atzean uzteko gai izan da Telmo Deun, eta beste puntu bat jan dio bi traineruek jaitsierari ihes egiteko daukaten buruz-buruko lehian. Tartean beste traineru bat sartzeko zorian izan da, gainera, baina Cabok azkenean Zumaiak baino segundo erdi eskas azkarrago amaitu du. Pena, puntu guztiek urrezko balioa baitute hemendik aurrera. Dena den, zumaiarrak ari dira pixkanaka aldea jaten, eta bihar beste urrats bat egiteko aukera izango dute etxean, zumaiarren bultzadarekin.

 

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide