Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gaurtik, abuztuak 30 bitarte, irekita egongo da txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko izen-emate epea. Interesa duen elkarte orok, turismo bulegoan, 943143396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoan apuntatu ahal izango du.
Irailaren 2an, bilera bat egingo da izena eman duten lagun guztiekin. Bertan, zozketa bidez erabakiko da lanen banaketa eta eginkizun eta betebeharren inguruko azalpen zehatzak ere emango zaizkie parte hartzaileei.
Parte hartzaileak, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute.
Honetaz gain, euskaraz mintzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.
Urtero bezala, bi eginkizun edo lan nagusi izango dira egun honen ospakizunean, txosnetako lana eta bazkari herrikoia zerbitzatzea.
Txosnetako lana
Talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa egun aurretik, asteazken eta ostegunean, talde bakoitzetik 12 lagun inguruk, olagarroa moztu eta broxetak prestatu beharko dituzte. Ondoren, Olarro egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta broxetak banatu beharko dituzte txosnetan. Honetaz gain, taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere.
Ordutegiari dagokionez, goizeko 09:00etatik gaueko 23:00ak bitartekoa izango da, gutxi gora behera.
Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira.
Bazkari herrikoia
Urteroko herri bazkariak, 550 lagun inguru biltzen ditu Eusebio Gurrutxaga plazan, beraz, lan hau burutzeko 35 bat pertsonez osatutako lan talde bat beharko dugu. Talde honek, bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu.
Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udal zerbitzuen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.