Ainara Ortegak kontzertua emango du gaur Aita Mari zinean

Baleike 2016ko abuztuaren 13a

Zumaiako Musika Jaialdiari bi ekitaldi besterik ez zaizkio geratzen amaitzeko. Gaur, 22:30etik aurrera, Ainara Ortegaren kontzertua izango da Aita Mari zinean. Scat izeneko diskoa aurkeztuko du. Sarrerak turismo bulegoan daude salgai, 5 euroan. 

Donostiako eta Getxoko Jazz jaialdietan jo du aurten Ainara Ortegak, iaz euskal jazzeko proiektu interesgarrienetako bat argitaratu ondoren. Scat diskoan instrumentista bikainak izan zituen lagun, eta berriz elkartu dira zuzenean jazzeko harribitxiak eta  inprobisazio zaporetsuak eskaintzeko, Brasil, New Orleans edota Finlandiako usainez bustita.

Ahotsarekin inprobisatzeko duen gaitasuna erakusteaz gain, Ainara Ortegak diskoko pieza batzuk konposatu eta errepertorio guztia moldatu zuen. Scat aldarrikapen kosmopolita paregabea da, umoreaz zipriztinduta: emanaldi bakarrean biltzen dira jazz standardak, Brasilgo saudadea, Chopin, Imanol eta Laboa; eta hori guztia, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa eta portugesa).

Taldea

Mikel Andueza (saxoa), Baptiste Techer (tronboia), Ainara Ortega (ahotsa), Iñaki Salvador (pianoa), Javier Mayor (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide