Egiguren eta Goikoetxeak irabazi dute Gernikako zesta punta finala

Baleike 2016ko abuztuaren 13a

Gernikako txapelketako finala jokatu zen atzo. Partida berdindu batzuen ondoren, Egiguren eta Iñaki Osa Goikoetxeak osatutako bikotea izan zen irabazlea. Gogoratu zumaiarrak atzelari bezala jokatu zuela finala.

Inork zalantzarik bazuen, Goikoetxeak agerian utzi zuen atzeko koadroetan ere ederki moldatzen dela. Partida serioa jokatu zuen, oso ondo errebesarekin eta primeran eskuinarekin. Eta ez zen partida erraza Iñakirentzako. Aldazabal aurkariak partida ona jokatu zuen. Hala ere, arratseko pilotari onena Mikel Egiguren aurrelaria izan zen: lehen tantoetatik Hormaetxearen arma nagusia ezerezean utzi zuen. Bermeotarrak egindako dejadetara eta bi-hormetara heldu zen, eta baita tantoak egin ere.

Atzokoan gorri kolorea zeramaten Egiguren eta Goikoetxea hobeto hasi ziren. 7-4 eta 10-6 jarri ziren aurretik eta nahiz eta urdinak bi tantotara hurreratu ziren, lehen seta gorriek irabazi zuten (15-12).

Bigarren setean emozioa izan zen nagusi, nahiz eta bazirudien Egigurenek eta Goikoetxeak irabaziko zutela hau ere, 9-5 jarri baitziren aurretik. Baina, Hormaetxeak eta Aldazabalek pilak jarri zituzten eta 12nako berdinketa lortu zuten. Aurretik jartzea ere lortu zuten urdinek (12-13, 13-14), baina bietan berdinketa lortu zuten gorriek. Seteko azken tantoa urdinek lortu zuten (14-15) eta berdineta hausteko beste set labur bat jokatu behar izan zen. Egiguren eta Goikoetxea hobeto moldatu ziren bost tantotara jokatutako set honetan eta 5-3 emaitzarekin irabazi zuten. Ondorioz, gorriek irabazi zuten Gernikako txapelketa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide