Estropada gogorra, oso gogorra izan da. Hasiera kaxkarra izan du Espainiako K-4ak eta karrera erdian laugarren postuan joan da, finalerako txartela ematen duten postuetatik kanpo. Eslovakia joan da estropada guztian lehen postuan, Errusia eta Frantziaren aurretik.
500. metrotik aurrera, baina, Peña eta bere lagunek sekulako erreakzioa izan dute eta pixkanaka aldea joaten joan dira. Lehenbizi Frantzia utzi dute atzean eta 750. metroko partzialean hirugarren postuan pasa dira. Une horretan Errusia izan da beherakada handia izan duena eta Espainiak lehenbizi eta Frantziak ondoren, atzean utzi dute. Bigarren finalaurreko irabazlea Eslovakia izan da 2:59:362 denborarekin, Espainia bigarren 3:00:237 eta Frantzia hirugarren 3:00:896.
K-4 1.000ko finala bihar jokatuko da, 15:12ean. Espainiaren aurkariak finalean Alemania, Txekiar Errepublika (bi hauek sailkatze estropadan lortu dituzte postuak), Australia, Portugal, Serbia, Eslovakia eta Frantzia izango dira.