Guztira 250 igerilarik eman dute izena Zumaiako lehen itsas zeharkaldian parte hartzeko. Tamalez, udako egunik petralena egokitu da eta itsasoa zakarregi dago Itzurundik Arranplara aurreikusita zegoen ibilbidea egiteko. Olatu handiak daude, 2,5 metrokoak, lehertuta iristen dira ibilbidera eta igerilariak haitzen kontra eramateko arriskua dago. Beraz, hori ikusita, proba errioan jokatuko da.
Arranplatik Kresala pareraino abiatuko dira, korrontea kontra; han buelta eman, Moilaberriko zubira eta handik itsas kiroldegira; han berriro errioan behera, Arranpla pasa eta 50 metrora izango dute azken buia, Arranplako helmugara etortzeko.
Hasierako orduari eustea erabaki dute antolatzaileek, baina baliteke pixka bat atzeratzea. Izan ere, itsas gora zazpiak aldera izango da eta litekeena da 16:00etan ur gutxiegi egotea. Dena den, hitzordua 16:00etarako jarri dute eta orduan erabakiko dute pixka bat itxarotea komeni den edo ez.