Iñigok eta bere ontziko lagunek, Rodrigo Germadek, Javier Hernanzek eta Oscar Carrerak bazuten dominaren bat irabazteko itxaropena. Helburu horrekin planifikatu zituzten bezperako bi estropadak, sailkatzekoa eta finalaurrekoa: finalera begira desgaste handirik ez egitekoa. Baina aurrean aurkari gogorrak zituzten, gogorrak bakarrik ez, haruntzago doazenak.
Finalean, Espainiarekin batera, Alemania, Txekiar Errepublika, Portugal, Australia, Serbia, Eslovakia eta Frantzia lehiatu dira. Finalaurrekoan bezala, atzean geratu da Espainiako ontzia; aurretik Alemania, Eslovakia eta Txekiar Errepublika ziztu bizian atera dira eta lehen partzialerako beste guztien aurretik pasa dira. Espainia, aldiz, zazpigarren postuan pasa da; Serbia bakarrik izan du atzetik. Baina, bezperan bezala, atzetik aurrerako estropada egin dute Peñak eta bere kideek. Makinari beste martxa bat jarri eta Frantzia lehenbizi eta Portugal ondoren, bi ontzi hauek atzean utzi ditu. Australia ere jomugan izan du, baina ez dio denborarik eman harrapatzeko. Hala ere, foto finisha behar izan da bi ontzi hauen arteko dema erabakitzeko. Azkenean, Australia izan da Espainiaren aurretik, 37 milareneko aldearekin.
Finala Alemaniak irabazi du, Eslovakia eta Txekiar Errepublikaren aurretik.
Domina olinpikoa irabazita bueltatuko da Iñigo Peña. Asteartean 20:00etan egingo zaio harrera, fielatoan eta handik, txaranga lagun, kofradian herritarren txaloak jasoko ditu.