Marea indar handiz zetorren errioan gora igerilariak 16:00etan Arranplatik abiatu direnean. Kresala parean zuten bueltan emateko buia eta batek baino gehiagok lanak izan ditu lehen tarte hori osatzeko. Errio bazterretik joan dira gehien gehienak, erdialdeko korrontea saihesteko, baina buiara gerturatu direnean gehienak erdialderantz jo dute eta hor hasi dira arazoak. Abiadura handiz egin beharra zegoen igeri buia gainditzeko, eta batek baino gehiagok han utzi ditu bere indarrak. Eman eta eman eta aurrera egin ezinik gelditu dira batzuk, lehertu arte. Gutxi batzuk Kresalako hormaren paretik egin dute aurrera, eta buia paretik pasa direnean bakarrik jo dute erdialderantz. Horiek asmatu dute bete-betean.
Behin buia gaindituta, errioan gora ziztu bizian joan dira igerilariak, korrontea alde. Itsas kiroldegian berriro errioan behera, Moilaberriko zubiraino, eta handik Arranplara iristeko berriro dena eman behar, bazter-bazterretik.
Jon Mujika bergararra izan da uretatik irteetan lehena, 25:40ko denbora eginez, Ander eta Unai Arruabarrena anaia hendaiarren aurretik –Ander Vilariño auto gidari ezaguna laugarren izan da–. Lehen emakumea Amaia Zendoia donostiarra izan da (27:29), Irati Samaniego donostiarraren eta Itxaso Alonso bilbotarraren aurretik.
Zumaiarren artean, Mikel Mangas (26:52) eta Maria Galparsoro (34:35) izan dira azkarrenak.