Bego Blancoren xafla margotuak, irailaren 4ra arte, Oxforden

Baleike 2016ko abuztuaren 22a

Bego Blanco Klamades zumaiarraren erakusketa zabaldu zen ostegun arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan. Txapen eta, azken aldian, oihal gainean egindako margoez osatutako erakusketa irailaren 4ra arte bisitatu ahal izango da, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburuetan eguerditan ere zabalduko da, 12:30etik 14:00etara.

Bizitza osoa darama Bego Blancok marrazten, 22 marrazki irakasle bezala eta azken zazpi hauetan metalezko xaflen gaineko pintura lantzen. Orain hilabete batzuk sorbalda hautsi zuen eta haren ondorioz pisu handiak ezin dituenez igo, oihalekin jarraitu du lanean. Oxfordeko erakusketaren zati handi bat, baina, txapa gaineko lanek osatzen dute. 

"Bilaketa prozesu baten amaiera izan da xafla gaineko lana. Nire bizitzako une batean hutsik nengoen eta gizon zahar batekin hizketan, esan zidan eraikinen fatxadetan jartzen zituela xafla gainean egindako margoak. Froga bat egin nuen, emaitza gustatu zitzaidan eta hortik jarraitu nuen", dio bere aita Clamades Blancoren omenez, Klamades izengoitiarekin sinatzen duen artista zumaiarrak.

Iaz Bilboko Expo distrito erakusketa ibiltarian erakutsi zituen Blancok bere lanak. "La espazio desberdinetan egon nintzen hiru hilabeteko egonaldian. Baina ez nituen hauek denak han erakutsi; ordutik lan gehiago egin dut".

Tematika aldetik, gorri koloreaz gain, lazoen presentzia da lan guztiek lotzen dituena. "Asko erabiltzen ditudan elementuak dira lazoak. Hasierako lan batzuetan agertzen joan ziren eta gero haiekin jarraitu dut. Barruan ditudan eta ikusten ez diren gauzak islatzen ditut lanetan. Batzuek nirekin agian ez dute zer ikusirik izango, baina beste batzuk oso pertsonalak dira". 

Hezur hausturak izan du eragina bere lanean. Alde batetik oihalean margotzera pasa da. Bestalde, xaflak kurbatzea ere alde batera utzi behar izan du. "Nire kabuz kurbatzen nituen. Badakit mekanizatuta egiteko aukera ere badagoela, baina eskuz egiten nuen". 

Erakusketan bisitari bereziak izango ditu egun hauetako batean, bete marrazketa eskolako ikasleak. "Ateak itxita daudela erakutsiko dizkiet lanak eta baita azalpenak eman ere. Marrazketa eskolarekin jarraituko dudan? Bai, noski, ez nazatela hori kendu! Haur hauek ezer ez jakitetik denbora gutxiko epean lan ederrak egitera pasatzen direla ikusteak asebetetu egiten nau". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide