Alberdi-Iribar eta Gurrutxaga-Larrañaga bikoteek jokatuko dute Itzurungo finala

Baleike 2016ko abuztuaren 22a

Itzurungo XI. pilota txapelketako finalerdiak jokatu dira gaur Larretxoko frontoi txikian. Alberdi eta Iribar izan dira lehen partidako irabazleak eta Gurrutxaga eta Larrañaga bigarren partidakoak. Bi bikote hauek jokatuko dute ostiralean txapelketako finala.

Ligaxkako fasea bigarren eta hirugarren postuan amaitu duten Odriozola-Agirre eta Alberdi-Iribar bikoteak neurtu dira lehen finalaurrekoan. 0-5 emaitzarekin aurreratu dira gerriko urdina zeramaten Alberdi eta Iribar. Gorriak hurreratu dira markagailuan, baita pare bat aldiz aurretik jarri ere (9-8, 10-9). Gaur, baina, finago aritu dira urdinak eta berriro aldea zabaltzeko gai izan dira (10-14). Odriozola eta Agirre bi tantotara jartzeko gai izan dira (14-16), baina ez da nahikoa izan eta Alberdik eta Iribarrek 15-22 emaitzarekin irabazi dute partida.

Bigarren norgehiagokak ez du historia handirik izan. Ligaxkako liderrak, Gurrutxaga eta Larrañaga (gorriz), eta laugarren postuan amaitu duten Odriozola eta Martija (urdinez) neurtu dira. Gazteak izanda ere Aizarnazabalgo Gurrutxaga eta Larrañaga oikiarra sendo agertu dira. Urdinez, berriz, huts asko egin dituzte eta ia ohartu gabe hamar tantoko abantaila lortu dute gorriek (13-3). Odriozolak bi tanto dejada polit egin ditu jarraian (13-5) eta giroa zertxobait berotu da, baina ez da nahikoa izan. Partida 22-9 emaitzarekin amaitu da.

Itzurungo pilota txapelketako finala ostiralean jokatuko da, 18:30ean. Honako bi partida hauek jokatuko dira:

3. eta 4. postua erabakitzeko: Odriozola-Agirre / Odriozola-Martija

Finala: Gurrutxaga-Larrañaga / Alberdi-Iribar.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide