Sufrimenduz betetako denboraldi batean, azken jardunaldian lortu zuen Zumaiakok maila mantentzea. Aurten sentsazio onak berreskuratu nahi ditu taldeak eta ardura hori hartu du 31 urteko gazteak. Liga hilaren 17an hasiko da eta Eibarren jokatuko du lehen partida, Eibar Urko izango du aurkari
Zumaiakoren lehen taldea hartu duzu. Zenbat taldetan aritu zara entrenatzaile lanetan.
Entrenatzen dudan bigarren taldea da. Iaz Ermuan egon nintzen jubeniletako Euskal Eigako taldea entrenatzen. Kanpora ateratzeko aukera izan nuen, esperientzia berri batean eta ondo etortzen da kanpora ateratzea ere. Kategoria zorrotza ere bazen, maila garrantzitsu batean. Ermua, gainera, lehen aldiz lehiatuko zen maila honetan eta zentzu horretan presio dezente genuen. Deitu zigutenean herritik kanpo esperientzia izatea ere ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen, gauza desberdinak ikusteko, beste klub bat ezagutzeko. Gero gehiago baloratzen duzu Zumaian entrenatzea. Ermua hemendi ordu erdira dago, hango jendeak pentsatzeko beste era bat du. Han erderaz asko egiten da eta zentzu horretan asko kostatu zitzaidan. Beraiek ere ni ez ezagutzea zerotik hastea bezala zen. Hemen, aldiz, jendea ezagutzen dut eta beraiek ere ni ezagutzen naute. Alde horretatik handicap hori badut lehen urtean ez nuena.
Iazko urtea benetan gogorra izan zen.
Aurrekoa urtea nola joan zen ikusita (azken partidan lortu zuen taldeak maila mantentzea), panorama ez zen onena. Klubak herriko baten aldeko apustua egin dutenean, nik uste jokalariak beraiek ere animatu egin direla. Lehen taldea entrenatzeko eskaintza luzatu zidatenean, jokalari beraiekin ere hitz egin nuen. Jakin nahi nuen ea jendeak zer asmo zituen. Pasa den denboraldian beraiekin hitz egitean, banekien gogorra ari zela izaten eta futbola uzteko aukera handiak zutela batek edo bestek. Beti ere beldurra zegoen beste urtebete horrela jarraitzeko. Nire adin bereko bi jokalari badaude, kuadrillakoak, Jokin eta Ima, haiekin eta beste pare batekin hitz egin nuen, esan nien entrenatzaile izatea eskaini zidatela eta ea beraiek zer pentsatzen zuten. Hasiera batetik oso irekita agertu ziren. Kostatzen ari zaigu plantila osatzea; 18 fitxa besterik ez ditugu, baina itxaropena dugu oraindik dudetan dauden batzuk animatuko direla. Baina, jubenilekin bete behar badugu, hala egingo dugu.
Badira urte batzuk erregional mailako taldea pattal xamar dabilela. Joseba Esnal presidentea zenean zioen Zumaiakok gaur duena baina maila bat gorago egon beharko lukeela, hark izan behar duela bere maila.
Zumaian arazo handi bat dago eta da kirol asko dagoela. Gaur egun, adibidez, eskubaloia dago modan, eta normala da: ikusten duzu herriko batzuk Europako txapelketa irabazi dutela eta zuk ere hori nahi duzu. Agian orain Peru Nolaskoain batekin jendea gehiago fijatuko da futbolean, hala espero dut. Baina, lehen izaten genituen 25 laguneko taldeak izatea orain ez da hain erraza. Eta egia da, bestalde, gazteek gero eta lehenago uzten dutela futbola. Baina ez futbola bakarrik. Benetan kirola asko gustatu behar zaizu, urtea luze egiten da eta. Baina, gauzak ondo badoaz konpromiso hori ez duzu eskatu behar. Jendea gogoz joango zaizu entrenatzera eta ideia hori da. Jokalariak ezagutzen ditut, badakit iaz zer gabezia izan ziren eta nolabait horiek hobetzen saiatu behar gara. Berrikuntza hau erabili nahi dut taldeari bultzada emateko.
Teknikoa bakarrik ez, psikologoa ere izan behako duzu iazkoaren ondoren.
Nik kanpotik bizi izan nuen. Hor behean ikusten zarenean, egoera ez da oso erraza izaten. Lantalde oso gaztea zegoen; batazbestekoa 22 urtekoa zen iaz eta aurtengoa 21 ingurukoa da. Eta hori 31 urteko pare bat jokalari dituzula! Eta hor behean zaudenean, atera egin behar zara. Kalera atera eta galdetzean ez zer egin duzu, erantzuten diozunean berriro galdu egin duzula, hortik ateratzea ez da batere erraza. Lehen 30-31 urteko 7-8 jokalari egoten ziren eta haiek heltzen zuten taldea eta gazteek freskotasuna ematen zuten. Gaur egun halakorik ez dago. Nik uste iazko sufrimendu hura dena onerako aprobetxatuko dela aurten.
18 jokalari dituzula diozu. Iazko plantila mantendu al da?
Bai, bat edo beste joan da, baina etorri direnekin ordezkatu ditugu. Plantila ia berbera da. Jubeniletatik igotako bizpahiru jokalari ditugu, baina oinarria, garrantzitsuena dena, iazko bera da. Zalantzan dauden batzuk konbentzitu nahian ari gara, baina ez da erraza. Esan behar da dugun jokalari taldeak kalitatea duela. Kopuru aldetik again jokalari gutxi dugu, baina kalitate aldetik taldea ez da behean egotekoa, iaz bezala, eta hori beraiek ere badakite. Buruak lan handia egiten du.
Emaitzek laguntzea izango da kontua.
Hori da, emaitza onak izatea hasieran. Klubak esan zuena eta nik berretsi nuena urtea ondo hasi behar zela izan zen. Agian emaitzak ez hain onak, baina beraiek ikustea lana ondo egiten ari direla. Jokalari gutxi izatean abantaila da denak entxufatzea errazagoa dela. Talde moduan aritzeko errazagoa izango da horrela.
Helburu jakinik ba al duzue denboraldi honetan? Agian taldea egonkortzea izango da garrantzitsuena.
Sentsazio onak berreskuratzea da lehen lanak. Anbiziosoak izan behar dugu beti, baina ikusi behar da bakoitzak zer posibilitate dituen. Zumaiakok ezin duena jasan da, eta nik hala pentsatzen dut, iazkoa bezalako sufrimendua. Jokalarientzat, klubarentzat eta inguruan mugitzen direnentzako oso kaltegarria da. Jubenilek ere ikusten dute hori. Taldea erdi mailan edo goiko postuetan badago, parte hartzeko gogoa izango du; jaisteko arriskuan ikusten badu, ez du nahiko ezer jakin. Helburua hori izango da, sentsazio onak berreskuratzea eta iazko sufrimendu hori onerako bihurtuta ahalik eta goren ibiltzea. Misterio handirik ez du. Ondo bagaude eta etxean sendo mantentzen bagara, erditik gora egoteko esperantza izango dugu. Eta gero zeinek daki. Helburu jakinik ezin dugu jarri, baina goian egotea izan beharko luke. Jendea ilusio handiarekin dago eta horrek poz handia eman dit. Esan diet iazko dena ahaztu behar dela, berriro zerotik hasten garela. Beste denboraldi bat dela, beste entrenatzaile bat eta lana egiteko beste modu bat dagoela, ez berezia, baina bai desberdina. Jendeak gogo handiarekin hartu du eta nik uste hori dela bidea. Ondo entrenatzen bada, egiten ari garen bezala, nik uste emaitzak etorriko direla. Urteak jartzen zaitu zure lekuan, baina hala lan egiten bada, ez da preokupatzeko arrazoirik izango.
Zumaiakorekin lotura handia duzu. Jokalari izan zinen eta baita bigarren entrenatzaile ere Felipe Garmendiak taldea gidatzen zuenean.
Felipekin urte eta erdiz egon nintzen, utzi zuen arte. Biok utzi genuen. Horren aurretik bi urtez egon nintzen ordezkari bezala eta aurretik 24 urte nituen arte jokalari.
Bihotzeko arazo batengatik utzi behar izan zenuen.
Bai. 16 urte nituela partidatan zerbait sumatzen hasi nintzen. Bihotzeko arazo horiek antsietateak sortzen zizkidan. Ondo moldatzen nintzen, baina adinean aurrera joanda ikusten nuen gero eta limite handiagoak zituela nire gorputzak. Futbola asko gustatzen zitzaidalako jarraitu nuen eta unea heldu zenean, utzi egin nuen, asko kostata. Urte eta erdi gogorrak izan ziren, baina gero ordezkari izatea eskaini zidaten eta hor futbolean jarraitzeko gogoa berreskuratu nuen. Entrenatzaile izateko bi kurtso atera ditut eta aurten maila honetan entrenatzeko titulua atera dut.
Zein izango duzu laguntzailea?
Iaz Ermuan izan nuen bigarren entrenatzailea etorriko da, Aitor Zubizarreta. 39 urte ditu eta entrenatzaile kurtsoan ezagutu nuen. Ermuan oso gustura ibili nintzen eta hasieratik klubari esan nion Aitorrekin kontatu nahi nuela. Ez zidaten inongo arazorik jarri. Konfiantza handia dut berekin. Gainera, bera ere entrenatzailea da Azpeitian, neska kadeteena. Konfiantza handia ematen dit Aitorrek. Iazko urtea gogorra izan zen Ermuan, baina maila mantendu genuen eta berekin jarraitu nahi nuen. Bera ere prest zegoen eta klubak ere ez du inongo arazorik jarri. Nik ere banekien nora nentorren eta ez ditut exigentziarik jarri, ez dakit nor etortzea nahi dudala eta halakorik. Ikusi dut kluba ere saiatzen ari dela eta elkarlanean ahal duguna egiten ari gara.
Kanpoko jokalariak ekarri izan dituzte.
Victor Lekunberriren garaian Ondarroako jendea etorri zen. Baina, gaur oso zaila da, gero eta jende gutxiago mugitzen da eta futbolean. Bakoitza bere herrian mantentzen da. Zumaiarrak badaude kanpoan jokatzen; denekin hitz egin dugu, eta proiektua gustau bazaie ere, kanpoan jarraitzea erabaki dute guztiek. Ziklo moduan dabil hau. Ikusten badute taldea ondo dabilela, jubenil mailakoak animatuko dira, herrikoak ere bai eta kanpoan daudenak ere agian itzuliko dira.
Ilusioarekin zaudela nabari da.
Ni? Kristorenarekin. Esan zidatenean etortzeko, ez nuen zalantzarik izan. Entrenatzaile bezala hasi nintzenean beti buruan nuen, goizago edo beranduago, herriko taldea entrenatu nahiko nukeela. Kristoren gogoarekin nago, Ermuan asko ikasi dut nahiz eta gogorra izan zen.
Zer gertatu zen Ermuan?
Helburua maila mantentzea zen. Oso ondo hasi ginen eta bigarren postuan ere egon ginen. Gero lesio dezente izan genituen eta gainbehera handia izan genuen. Zuloan aurkitu ginen, baina egoerari buelta emanda maila mantentzea lortu genuen. Egoera horretan asko ikasi genuen Aitorrek eta biok. Sufrimenduarekin asko ikasten duzu. Beti nahi duzu irabazi, baina momentu txarrekin gehiago ikasten da.
Jarraitzea ez al zuten eskaini?
Egia da ez zigutela talde berean jarraitzea eskaini, baina bai klubean jarraitzea. Erregionaleko bigarren taldea eramatea eskaini ziguten. Ikusi zuten denboraldi ona egin genuela, baina jokalarientzako beste zerbait nahi zuten. Beste zerbait ateratzen ez bazen, agian han jarraituko genuen, baina Zumaiakoren eskaintza etorri zen. Felix Nolaskoainek [Zumaiakoko kirol zuzendaria] deitu zidanean ez nuen pentsatu ere egin. Zumaian entrenatzea handia da. Badakit presioa handia izango dela, etxekoei gehiago eskatuko zaiela, baina badakit non sartzen naizen. Agian batzuk pentsatuko dute gazte harrapatzen nauela, baina nik uste prestatuta nagoela.