Bukaera borobila izango du aurtengo World Tour txapelketak zumaiarrentzat, Enbilek edo Goikok, bietako batek, txapela jantziko baitu. Uda osoan hamaika partida jokatu eta gero, atzo Zumaiako Aitzuri pilotalekuan bildu ziren lau bikote onenak, Baldako finalistak erabakitzeko.
Egiguren-Enbil eta Beaskoetxea-Aldazabal bikoteek neurtu zituzten indarrak lehen finalaurrekoan. Beaskoetxeak eta Aldazabalek iazko txapela defenditu dute aurten, baina atzo ez ziren Egigureni eta Enbili aurre egiteko gai izan. Aldazabalek ez zuen batere eroso jokatu, eta Mikel Egigurenek bere jakituria guztia erakutsi zuen aurrealdean, pilotari abiadura handia emanez. Gotzon Enbil oso seguru aritu zen atzealdean, ohi bezala. Bikote sendoa osatzen dute Egigurenek eta Enbilek, aurkari oso gogorra finalerako.
Goiko ikusgarri
Are ikusgarriagoa izan zen jaialdiko bigarren partida. Goikoetxea handia makurrarazteko esperantzarekin etorri ziren Erik eta Lekerika, are gehiago jakinda Etchetoren ordez Erkiaga II.ak jokatuko zuela atzelari, eta zumaiarrak orkatila minduta duela. Eta gogor hasi ziren Erik eta Lekerika. Erkiaga II.ak urduri samar ekin zion partidari, pilota bat baino gehiago jaso ezinik ibili zen eta, ohartu zirenerako, 5-10 ziren atzetik Goikoetxea eta Erkiaga. Orduan egin zuen gaueko lehen agerraldia zumaiarrak. Lehen beroaldian, bost tanto egin eta hamarrera berdindu zuen partida. Baina Erik eta Lekerika oso sendo aritu ziren, Erik bikain Goikoren pilotakada zitalak jasoz eta tantoak amaituz, eta Lekerika min handia eginez atzean. Beraientzat izan zen lehen seta, 12-15. Partida aldapa gora jarri zitzaion Goikori.
Bigarren setean beste pauso bat egin zuen aurrera Goikok. Txapeldun handia da eta ez zegoen amore emateko prest. Kantxaren jabe egin zen eta oldarraldiari aurre egin ezinik aurkitu ziren Erik eta Lekerika. Mutrikuarra eta gernikarra saiatu ziren eusten, markagailua orekatzeko gauza ere izan ziren, baina Goikok atzo garaipena nahi zuen kosta ahala kosta, eta 15-10 bukatu zuen seta, joko erakustaldia eginez. Bikote bakoitzak set bana irabazita, azken bost tantoek erabakiko zuten bigarren finalista. Eta Goikok ez zuen aukera galdu: 5-2 Goikoetxea eta Erkiaga II.aren alde. Erkiagak patxada eta segurtasuna irabazi zituen partidak aurrera egin ahala, eta Goikok udan egin duen partidarik ikusgarriena osatu zuen. Merezita lortu zuten finaleko bigarren txartela.
Atzo Aitzurin jokatuko bi finalaurrekoak ETB4n ikusi ahal izango dira gaur, 12:00etan.