Pello Osorok eta Mireia Arrillagak irabazi dute Zumaiako Triatloia

Baleike 2016ko irailaren 3a

Esprint distantziako triatloia Osorok (55:52) eta Arrillagak (1:07:49) irabazi dute. Triatloi herrikoian, Angel Hilario (33:53) eta Naiara Mauleon (40:17) izan dira azkarrenak. Zumaiarren artean, Juan Mari Azpillaga (1:00:57) eta Irati Larreategi (1:15:09) izan dira azkarrenak esprint distantzian, eta Julen Mujika (36:02) eta Begoña Amilibia herrikoian. 

Triatloiaren festa izan da gaur arratsaldean Zumaian. Bazkalondoan haurrekin hasi eta proba nagusiarekin ia iluntzera arte, gozatu ederra hartzeko aukera izan dute kirolzaleek.

Esprint distantziako Zumaiako Triatloia, eguneko proba garrantzitsuena, 18:00etan hasi da. Arranplatik abiatu dira, emakumeak aurrena eta mutilak ondoren hamar minutu tartea utzita, 750 metro igeri egin eta Moilaberrian lehorreratzeko. Hori izan dute lehen lana, eta jadanik lehen tarteak ireki dira triatloilarien artean. Bizikleta hartu eta 20 kilometroko buelta egin dute jarraian, Iraeta aldera. Lehen postuak erabaki samar gelditu dira bueltatu direnerako, baina ordena zehaztea falta. Korrikako bost kilometroko saioan Pello Osoro nagusitu da gizonen artean, Jon Unanue eta Urko Erranen aurretik. Emakumeen artean, lehia estua izan da azken metrora arte. Mireia Arrillaga iritsi da lehena helmugara, bi segundora sartu da Irati Samaniego eta atzerapen handirik gabe Eider Estibariz.

Ordu eta erdi lehenago, 16:30ean hasita, jokatu da triatloi herrikoia. Aurten ere dortsalak agortu egin dira –proba nagusirako ere bai–, kirolariek triatloiari beldurra galdu dioten seinale. Hauek egin beharreko lana, proba nagusiko distantzien erdia: 375 metro igeri, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Ibilbidea osatzen lehen gizona Angel Hilario izan da, Julen Mujika eta Josema Huiziren aurretik. Lehen emakumea Naiara Mauleon izan da, Begoña Amilibiaren eta Maialen Grajalesen aurretik.

Oker bat ere gertatu da proba honetan, bizikletako saioan lasterketa buruan zetorren Angel Hilariok Kanteako gainean saihesbide aldera hartu baitu, lasterketa buruan zihoan kotxeari eta Ertzaintzako motoari jarraituz; gainontzeko txirrindulariek Txikierdira jaitsi eta herri barrutik egin dute Gernikako parkerainoko bidea –hori zen egin beharreko bidea–. Nahasmena sortu du akatsak, estuasunen bat ere bai bidegurutzeak zaintzen ari ziren boluntario eta udaltzainen artean, baina zorionez ez da ezer gertatu. Hilariok, gainera, abantaila handiz irabazi du helmugan.

Eta arratsaldean gertatutakoaren pelikulan atzerago eginez, haurrek ere izan dute kirola egiteko aukera. Duatloian aurrena, korrika eta bizikletaz; akuatloian ondoren, igeri eta korrika.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide