Fikziozko lan bat izanda, errealitatetik zati handi bat hartzen du, gehientsuena ez esateagatik: egunkari batek kontratatuta, jatetxez jatetxe kritika gastronomikoak egitera doazen bi pertsonen bidaiak eta konbertsazioak jasotzen ditu. Bi pertsonaien izenak Steve Coogan eta Rob Brydon dira, bizitza errealean hauen paperak betetzen dituzten aktoreen izenak, komediako bi maisu direnak; fikzioan biak ere aktoreak dira, bizitza errealean bezala; fikzioan bat Estatu Batuetara joan zen eta bestea Ingalaterran geratu zen, bizitza errealean bezala; fikzioan lagunak dira, baina elkarri zirikatzeari ez diote uzten, bizitza errealean bezala?
Telesailaren sortzailea eta kameraren atzealdean kokatzen dena Michael Winterbottom zinegile britainiarra. Azken urteotan agian aurretik zuen sona galdu du, baina XX. mende hasierako zuzendari interesgarrienetakoa da. 2008ko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren saria jaso zuen Genova izeneko dramarekin. Generoz genero mugitu den zinegilea da Winterbottom, baina, agian, komedian egin ditu bere lan bitxienak: 24 hour party people, A cock and bull story eta The Trip hau.
The Trip (bidaia, ingelesez) Ingalaterra iparraldeko Lake districten kokatzen zen eta han aritu ziren bi pertsonaiak Michelin gidako jatetxetako jakiak dastatzen eta, nola ez, elkar zirikatzen. Telesaileko puntu garrantzitsuenetakoa konbertsazio inprobisatuak eta aktore eta pertsonai ezagunen imitazioak ziren. BBCko telesail honek sekulako arrakasta izan zuen eta bigarren denboraldia grabatu zuten, The Trip to Italy, hau Italian. Eta orain hirugarren denboraldiarekin datoz, hau espainiar estatuan kokatuta: The Trip to Spain.
Sukaldaritza tartean egonda, ez zen harritzekoa izango kapituluren bat Euskal Herrian kokatzea. Eta hala izan da. Aste honetan bertan eskualdean izan ditugu aktoreak, zuzendaria eta talde teknikoa. Asteartean Getariako jatetxe batean grabatu zituzten hainbat irudi eta herenegun Zarautz eta Zumaia arteko errepidean kotxez egindako bidaiaren irudiak hartu zituzten, jatetxetako eszenak bezain garrantzitsuak baitira telesail honetan errepideetakoak.