Sopelako hondartzan jokatu zen atzo txapelketa, giro ederrean. Zumaiako sei ordezkariek lan oso ona egin zuten, eta erregulartasun horri esker podiumera igotzea lortu zuten, Sopelako eta Zarauzko taldeen atzetik. Aipatzekoa da Poti-k bigarren postua lortu zuela paddle surfeko modalitatean. Hauek izan ziren Zumaiako taldeko beste bost kideak: Kimets (bodyboard), Janire (surf emakumeak), Luken (surf 16 urtez azpiko mutilak), Harry (surf beteranoak) eta Trufi (surf open mutilak).
Azaroan Europako Bodyboard Txapelketa Zumaian
Udazken hasierarekin batera, surf eta bodyboard txapelketa gehiago datoz gure surflarientzat. Atzokoari segida emateko, datorren asteburuan Euskal Bodyboard Zirkuituko hirugarren proba jokatuko da Itzurunen. Ondoren, urriaren 8an eta 9an, Zumaiako Surf eta Bodyboard Txapelketak. Eta udazkena borobiltzeko, azaroaren 19an eta 20an, Europako Bodyboard Txapelketako proba itzuliko da Zumaiara, iazko etenaldiaren ondoren.