Open eta 18 urtez azpiko mailetan banatutako 45 rider daude oraingoz izena emanda, baina azken unean ere sar daiteke baten bat gehiago, aukera zabalik egongo baita. Goizeko 8:30ean deitu dituzte lehiaketari ekiteko, itsasoko baldintzak egokiak badira behintzat.
Zumaiako ordezkaritza zabala izango da bihar lehian, Alex Odriozola guztien buru. Orain arte Zurriolan eta Arrietan jokatu diren bi probak irabazi ditu, eta sailkapenean lehen postuan da Iñigo Gainzarain eta Aritz Larrinagaren aurretik. Odriozolaz gain, uretan izango dira Izaga, Urrestilla, Lopez, Granados eta abar luzea. Aipatzekoa da Imanol Yeregi surflariak ere parte hartuko duela, oraingoan taula txikiarekin.