David Garciak eta Gema Hernandezek irabazi dute Zakila Bira

Baleike 2016ko urriaren 1a

David Garcia, helmugan. Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

David Garciak (1:05:57) bi minutu pasako aldea atera dio bigarren sailkatu Unai Arroyori (1:08:18); Gema Hernandezek (1:25:24) ere erraz irabazi du, elkarrekin helmugaratu diren Oihana Ortizi eta Leire Lizarralderi (1:30:03) ia bost minutuko abantaila aterata. Zumaiarren artean, Jonan Rodriguez (1:10:58) eta Sonia Albarez (1:34:10) izan dira azkarrenak.

Lasterketari ekin aurretik urteko kirolari onenen saria jaso dute Iñigo Peñak eta Pulpo eskubaloi taldeko neskek. Peñak berak eman dio irteera lasterketari. 300 korrikalari abiatu dira Erribera kaletik, saltaka egiteko eguraldi aproposarekin. Parolaldera joan eta berriro Erribera kaletik pasa direnerako –bigarren kilometroa– lasterketa buruan zen David Garcia, tartea irekita. Eta halaxe osatu du ibilbide osoa. Atzean, Unai Arroyok ondo eutsi dio bigarren postuari, eta hirugarren iazko irabazle Xabat Manzisidor izan da, atzetik aurrera egindako lasterketan.

Emakumeen artean Gema Hernandezek ez du aurkaririk izan. Hasieratik alde handia atera du eta arazorik gabe lortu du garaipena. Leire Lizarralde eta Oihana Ortiz sartu dira ondoren, biak eskutik helduta.

Zumaiarren artean, bi beterano izan dira azkarrenak: Jonan Rodriguez eta Sonia Albarez. Rodriguezen atzetik, Iban Iriondo eta Jokin Gijarro iritsi dira. Eta emakumeen artean, Josune Cintero eta Vanessa Galarraga izan dira bigarren eta hirugarren azkarrenak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide