Kotxe klasikoen lilura

Baleike 2016ko urriaren 2a

"Aiii, nik halako bat nahi dut!", egin du oihua Erribera kaleko taberna baten aurrean zegoen neska batek dagoeneko urte batzuk zituen Porsche kotxe bat ikustean. Nahiz eta autoen industriak aurrerapauso itzelak eman dituen azken hamarkadetan, Zumaian elkartu diren kotxe klasikoek argi utzi dute lilura mantentzeko gai direla. 

Gerraosteko Citroen dotoreak eta 1980. hamarkadako utilitarioak, New Yorkeko kaleetan ikusiko genitzakeen kotxe karrankariak eta Seat/Fiat Pandak, Vespak eta Eibarren egindako Lambrettak. Etxe eta mota ugaritako kotxeak elkartu dira gaur herrian Ralenti Zumaia Classic Motor Elkarteak antolatutako II. topaketan. Batzuk 1940. hamarkadako auto klasikoei begira geratu dira; besteak, gazteagoak, gogokoagoak zituzten kirolei lotutako kotxeak. "Gazteak ginenean halako kotxeak gustatzen zitzaizkigun", zioen batek Porsche bati begira.

Peugeot, Rover, Alfa Romeo, Mazda, Renault eta beste hainbat etxeetako kotxeek osatutako karabana eguerdian errepidera atera da. Meaga igota, Zarautzera jaitsi da eta handik, Getarian barrena, Zumaiara itzuli da. Behin Erribera kalean, motorraren azeleragailuari eman eta burrunda galanta emateko aukera eman dute, espaloian begira zeudenen gozamenerako. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide