Aita Mariren heriotzaren 150. urteurrena betetzen den honetan, eta Kultura Sailaren eskaerari erantzunez, Distirak Itsasoa hartu zuen bere hirugarren erakusketa kolektiboaren gai bezala. Guztira 14 bazkideen 36 irudi jasotzen dira erakusketa honetan. "Gehienbat, gure inguruko, Zumaiako, Euskal Herriko eta Kantauri isurik argazkiak ekarri nahi izan ditugu, baina badaude Distirako kideek bisitatutako urrutiko itsasoen irudiak ere", azaldu dute antolatzaileek.
"Irudi hauekin ez gara itsasoaren edertasuna islatzera mugatu; gure ohituren indarra ere ezagutzera eman nahi izan dugu: olagarroaren arrantza, sareen eskuzko konponketa, kaxarranka, etab.", gaineratu dute. "Eta, nola ez, gure miresmena islatu nahi izan dugu irudi hauen bidez itsasoaren inguruko jende guztiari: arrantzale, batelero, surfista...".
Joxe Juan Azkueri omenaldia
Erakusketan tarte berezia egin nahi izan diete orain hilabete batzuk zendu zen Joxe Juan Azkueri. "Ezin izan dugu ahaztu gure lagun eta bazkide izandakoa. Jadanik lau hilabete igaro dira gure aldetik bat-batean joan zenetik, baina guretzat hemen jarraitzen du eta hori partekatu nahi izan dugu".
Erakusketan jasotzen diren argazkietan berak utzitako bi obra ere agertzen dira. "Horrez gain, bere oroimenez bideo-mntaia bat osatu dugu bere urteetako argazki ugari eta ederrekin".