Arritokietatik ‘erietxera’

Baleike 2016ko urriaren 4a

Arritokietako Ama Birjinaren irudia, bi koadro eta flandiar taula bat kendu dituzte bere lekuetatik. Lehenbizi pipia kenduko zaie eta ondoren berriztatuak izango dira 

Arritokietako Ama Birjinaren irudia, eta honen ohorez egindako ermitan dauden beste hiru artelan jaitsi dituzte gaur beraien kokalekuetatik, berriztatzera eramateko. Lehenbizi Durangora eramango dira, pipiak hiltzeko, eta ondoren Arritokietara itzuliko dira, bertan egingo direlako zaharberritze lanak.

XVI. mendeko Ama Birjinaren irudia, mende bereko triptiko hispaniar-flandiarra eta 1874. urtean Lecuonak margotutako Loiolako San Inazioren koadroa eta 1889an Juan J. Echaniz egindako Borjako San Frantziskorena pipiak janda zeuden. Hori dela-eta, Foru Aldundiko Ondare zerbitzuko, Donostiako Elizbarrutiko Museoaren eta Elizaren baimena jaso ondoren, berritzera eramango dira lau artelan hauek.

Triptikoa astelehenean kendu zuten bere kokaletutik eta koadroak eta Ama Birjinaren irudia gaur goizean. Koadroak jaisteko lau lagunen laguntza behar izan dute, duten pisuagatik. Lau artelanak ostegun goizean eramango dira Durangora. Anoxia tratamendu bat ezarriko zaie pipiak hiltzeko: ganbera batean sartuko dira eta pixkanaka barruan dagoen airea kenduko da. Hala, artelanetan dauden pipiak hilko dituzte. Hiru astez izango dituzte ganbera horren barruan. "Edozein berritze lan egin aurretik, behar-beharrezkoa intsektu hauek hiltzea eta estruktura garbitzea", azaldu dute Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek. Orain hilabete gutxi Aita Mariren bustoa berriztatu duten bi emakume hauek arduratuko dira lau artelan hauen zaharberritzeaz. "Finkatu, garbitu eta babestu egingo ditugu jarraian". Lan hauek Arritokieta bertako sakristian egingo dira.

Ama Birjinaren irudia ez da originala, bigarrena baizik. Aurrez ere berriztatzen lanak egin zaizkio, azkenekoa 1975ean, Kantabriako Santillana del Mar herrian. Horren testigantza ematen duen pegatina bat du atzealdean. Lau urte igaro dira azken zaharberritzetik eta hori igarri izan dute. "Pipiak kaltetu du. Ukitzearekin bakarrik polikromia erori egiten zaio", adierazi digute Nacentak eta Idigorasek.

Irudia maite dute herritarrek eta bere lekura itzuli bitartean Ama Birjinaren eta haurraren argazkia jarri dute erretaulan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide