Itzurungo hondartza biotopo babestuaren barruan egonik, Aldundiaren ardura al da han egin nahi diren ekintzei baimena ematea, eta jardueren kontrola egitea?
Itzurunen, espazio berean, administrazio desberdinek bat egiten dugu, bakoitzak bere araudi eta helburuekin. Udalak bere ordenantza eta asmoak ditu eta Kostetako Zuzendaritzak Kostetako Legeak jasotzen dituenak betetzen direla begiratuko du. Aldundiak, aldiz, biotopo babestuaren Organo Kudeatzailea izanik, Baliabide Naturalen Antolakuntza Planak dioena betetzen dela bermatu behar du, araudi hori da eta biotopoaren eremuan propio bete beharrekoa.
Era honetako ekintzek baimena beharrezkoa dute, eta horregatik eskatu zaie. Bidenabar, emandako baimenean jasotako baldintzen kontrola, noski, emaileari dagokio.
Game of Thrones telesaila grabatzeko baimena eskatu al du ekoiztetxeak, eta noiz?
Pasa den uda hasieran izan genuen elkarren berri Itzurungo harri batzuen erreplika atera nahi zutela eta. Hura egin eta berehala ezagutu genituen grabaketarako zituzten asmoak eta, ondorioz, horiek burutzeko ezinbestean eskatu behar zigutela jakinarazi genien. Geroztik, hartu-emana hitzez izan dugun arren eskari formala irailaren 14an jaso genuen.
Telesaila grabatzeko egingo diren ekintzen berri bat al du Aldundiak? Bileratik egin al da ekoiztetxearekin ekintza plana aztertzeko?
Aurkezten digun eskarian ekoiztetxeak egin asmo duenaren berri eman behar digu eta eskari horretan oinarrituta aztertzen da proiektua bateragarria den aipatu dugun Biotopoaren Antolamendu Planarekin.
Game of Thrones telesaiaren kasuan, Itzurungo hondartzan burutzen da grabaketa guztia, Antolamendu Planaren arabera, Erabilera Bereziko gunean. Gune horretan jende ugariren presentzia aurreikusten da, eta horiek artatzeko azpiegitura egokiak daude; udako erabilera intentsiborako prestatuta dago lekua. Udan jendetza eta ibilgailuen (garbiketa traktorea, bahe-atoia) erabilera onartzen den leku horretan, oraingoan, grabaketak burutzeak ez du aparteko gainkargarik suposatzen, ez behintzat babesten diren inguruneko elementu naturalen gainean.
Are eragin gutxiago espero liteke hondartzaren zerbitzuak biltzen dituen eraikinetan.
Nola kontrolatuko du Aldundiak dena arauaren barruan egiten dela?
Gure pertsonalarekin, alegia basozainekin eta teknikariekin. Grabaketak irauten duen bitartean presentzia areagotu egingo dute, bereziki atontze lan esanguratsuenak egitean.
Telesaila grabatu ahal izateko eskatu al du ekoiztetxeak Itzurunen edo inguruan aldaketaren bat egitea? Hormaren bat bota edo antzeko zerbait...
Labarretako horma naturaletan ez da inolako interbentziorik egingo. Egitekoa, dena, eraikitako elementuen gainean egingo da, hondartzaren sarreran harriekin jasotako egituretan. Horiek bai egokituko direla baina gehien bat hiri-altzarien (zaborrontziak, barandak, dutxak, toldoa….) erretiratzera mugatzen dira lanok. Horretaz gain, harlanduzko hormen azalera egokitu egingo da eta arrapala barrenean azaleratzen den hargin horma artifizial bat kendu egingo da. Azkeneko hau ezik, gainontzekoa hasierako itxura berarekin geratuko da.
Neurri zuzentzailerik hartzeko premiarik ikusi al da? Zer neurri hartu dira?
Egin asmo denerako ez da eraginik aurreikusten. Hondakinen kudeaketa eta leheneratze egokia izango dira zaindu beharrekoak.
Ekoiztetxeak udan zehar egin dituen zenbait aurrelanen berri izan al du Aldundiak? Baimena eman al zaie kasu horietan? Esate baterako, haitzen moldeak ateratzeko lanak, Itzurungo labarreko kobazuloetako batean hondeamakina batekin egindako lanak?
Jakina, horretarako ere baimena eskatu behar izan zuten, baimenik gabe ezingo lukete.
Grabaketa urriko azken astean izango dela iragarri dute eta egun horietan ingurua erabat itxiko dela, inor gertura ez dadin eta inork irudi edo argazkirik har ez dezan. Horretarako baimena eskatu al dute? Nola kudeatzen dira eskaera horiek eta nork du horretarako eskumena?
Hasieran aipatu dugun moduan, Aldundira bidali diguten eskaria Biotopoaren Antolaketa Planarekin zerikusia duten ekintzetarako da, baliabide naturalen gain eragina izan ditzaketen ekintzekin du zerikusia. Hortik aurrera, baliabide naturalez gain egon litezkeen gainontzeko hainbat eragin ez dira gure ardurakoak, hala nola lur sailen jabegoa, pasara baimenak, gainontzeko erabiltzaileekiko harremanak…, arazo horien inguruan bai Udalak nahiz Kostetako Zuzendaritzakoek zeresan handiagoa dute.
Horrelako baimenak lortzeko, ekoiztetxeek, orohar, ordaindu egiten al dute? Hau da, araututa al dago tarifaren bat?
Aldundiak ez du, biotopoan ematen dituen baimenengatik, inolako tasarik ezartzen.
Zein da Itzurunen edo biotopoan grabatu nahi duen edozein ekoiztetxek bete beharreko prozedura?
Antolamendu Planean jasotzen den beste edozein aktibitate burutu ahal izateko eskatzen diren bete behar bertsuak, alegia, egin asmo den guztia azaltzen duen eskaria aurkeztu behar da eta baimena jaso zain egon. Batzuetan besterik gabe onartzen zaio, beste batzuetan, aldiz, hainbat baldintzekin. Azkenik, erabili nahi duten lekua, proposatzen duten teknika edo erabilera beraren izaera bertako natur elementu eta prozesuekin bateragarria ez bada ezezkoa jasotzen dute. Denetarik ditugu adibideak.