M7 ONTZIRATU

Erabakia ontziratzeko garaia

Baleike 2016ko aza. 3a, 11:44

Gure Esku Dagoren korronteari jarraituz, galdeketa egingo da udaberrian Zumaian. Ontziratu taldea arduratuko da galdeketa antolatzeaz Zumaian.

Gure Esku Dago mugimenduak bultzatutako korronteak ez du etenik. Pasa den ekainean Azpeitian, Debagoienan eta Goierriko zenbait herritan egin ziren galdeketak eta orain pare bat aste Urola Kosta eskualdeko sei herrik hartu zuten azpeitiarren lekukoa beraien herrietan galdeketak egiteko, korrontea olatu bihurtuz.

Azkoitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak hartu dute herri hauetan galdeketak egiteko lekukoa. 2017ko udaberrian erabakitze eskubidearen ontzian igotzeko asmoa erakutsi dute sei herri hauek. Ordutik herriz herri galdeketa antolatzeaz arduratuko diren taldeak aurkeztu dira. Zumaiari dagokionez, Ontziratu izeneko taldeak kudeatuko du galdeketaren prozesua.

Atzo egin zen talde honen aurkezpen ekitaldia Foronda kultur etxean. Zumaiako gizarte hainbar esparru biltzen zituen lagun talde anitza hurreratu zen asteazken iluntzean prozesuari babesa emateko. Irakaskuntza, kirola, kultura, politika eta beste arloetako ordezkariek eman nahi izan zioen bere bultzada Ontziraturi. Jon Maiak abestutako bertsoak ere ez ziren falta izan ekitaldian.

Aurkezpenean azaldu zenez, erabakitzeko eskubidea gauza dadin bitartekoak jartzen lan egingo duen herritar taldea da Ontziratu. "Bere egitekoa adin, jatorri eta ideologia ezberdina duten herritar guztiei bere hitza eman dezaten gonbita egitea da", adierazi zuten hizlariek. "Hau da, herritarrek Euskal Herriko etorkizun politikoa erabakitzeko galdeketan parte har dezaten akuilatzea".

Geroa erabakitzeko garaia

Gaineratu zutenez, talde honen helburua ez da, "inondik ere, iritzi edo pentsamolde jakin baten alde edo aurka egitea, 2017ko udaberrian egingo den galdeketan herritar guztiek askatasun osoz parte har dezaten bitarteko izatea baizik. Herritarren erabakiaren garaia da, gure herriaren geroa erabakitzeko garaia, eta herritar guztiak zeregin horretan ontziratzen ahaleginduko da Ontziratu", nabarmendu zuten.

Galdeketaren data eta luzatuko den galdera etorkizun hurbil batean eskualde mailan egingo den ekitaldi batean emango dira jakitera. Aurretik, ordea, sinadura bilkera antolatuko da herritarren babesa jasotzeko helburuarekin. Gutxienez zumaiarren % 10en babesa lortu beharko da, hau da, 1.000 sinaduratik gora jaso behar dira, galdeketan zilegitasun osoa izan dezan. "Horretaz gain, hamaika ekimen bultzatuko ditu Ontziratu taldeak galdeketa egunean ontziek gainezka egin dezaten".

Udaberrian egingo da galdeketa eta data hori heldu bitartean hainbat ekitaldi antolatuko ditu talde honek. Galdeketaren aldeko ekintza horietan parte hartzera dei egin die Ontziratuk.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide