Itsas ondarearen inguruan hizketan, kanpoan zaparradak erortzen ziren bitartean

Baleike 2016ko azaroaren 6a

Eskualdeko herrietako itsas ondarearen inguruan Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako hitzaldi ibiltari zikloko lehena egin da gaur Zumaian. Goizean zehar botatako euri zaparradek behartuta, ibiltaria izan behar zuen hitzaldia Algorri interpretazio zentroko aretoan eserita egin da azkenean. 

Hogei bat lagun elkartu dira arranpla parean Zumaiako ontzigintzaren inguruko hitzaldi honetan parte hartzeko. Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) eta Beduola elkarteko kideen asmoa ontziolak kokatzen ziren lekuetara joan eta puntu bakoitzean hitzaldiaren zati bat egitekoa zen. Beduolak Bidabeazpin duen lokalean amaituko zen saioa. Euriak, baina, ez du gaur ere atsedenik hartu eta Algorri interpretazio zentrora eraman da ekimena. 

ZIIZeko kide eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Ismael Manterola izan da hitz egiten lehena. Ontzigintzak loraldia izan zuen Zumaia XVI. mendean bere kokapenagatik eta berezitasunengatik. “Hondartzez eta lokatzez osatutako leku ugari zituen eta hori egokia zen ontziak kanpoan egiten zirelako. Ondartxo, adibidez. Bertan aurkitu ziren ontzigintzako lehen aztarnak, egur pusketa batzuk. Eta Ondartxo bezalako leku ugari zeuden Zumaian”.

Zumaiak bazuen ontzigintzarako egokia zen beste baldintza bat eta zen zuhaitz ugari zuela, “haritzak, gehienbat, eta ez zen batere zaila erriberetara garraitzea. Inguruan burdinola ugari ere bazeuden eta han egindako giltzeak erabiltzen zituzten”. Ekonomia aldetik, burdingintzak garrantzia handia zuela azaldu du eta lehen ontzia burdina garraiatzeko erabiltzen zirela. “Jende espezializatu asko ere bazegoen. Zumaia ez zen arrantzarako portu egokia eta orduko biztanleek burdingintzan egiten zuten lan. Ontzigintzak ere jende askori ematen zion lana”. “Garai hartako Zumaiak 800 biztanle zituen eta harrigarria da zenbat ontzi egin zituzten. Zazpi urtetan 19 ontxi egin ziren Zumaiako ontzioletan eta urte bakarrean zortzi. Lan-martxa frenetikoa eramaten zuten”. 

Ontziolak bi eremutan kokatzen zirela adierazi du Manterolak: “Oikia-Gorostiaga-Bedua triangeluan batzuk eta Arrangoleta-Erribera-Santiagon besteak”. Eskazabal, Gorostiaga, Goyburu eta Domintegui edota Mayor dira garai hartan Zumaian izan ziren ontzioletako batzuk. “Ez ziren gaur ezagutzen ditugunak bezalakoak. Esan daiteke inprobisatuak zirela: ontziak egin behar zirenean muntatzen ziren eta hurrengoa egin arte laga egiten ziren. XIX. mendera arte egitura desmuntagarriak zirela uste dugu”. 

Hirigunean zeuden ontziolak udalaren lurretan kokatzen ziren. Ontzigileak bertakoak baziren, ez zuten hala zergarik ordaindu behar, kanpotarra izanda bai. Herritik kanpo zeuden ontziolek lurjabeak ziren jauntxoei ordaindu behar izaten zieten han lan egiteko. “Bi, hiru edo lau lagunen artean egiten ziren ontzi hauek. XVI. mende hartan jende asko izaten zen ontziaren bazkide, askotan ontzia egiten zuen arotza ere bai. Hala, arotza izateaz gain, merkataria ere bihurtzen zen. XVI. mendean jabegoa banatuagoa zegoen eta geroago, XVII. mendean hasi ziren aberatsak agertzen”.  

Beduako jauntxoak ontzi bat egiteko enkargoa da gordetzen den lehen arrastoa, XV. mende amaierakoa. “Bitxiena da ontzi hura Mediterraneo itsasoan lan egiteko egin zela”. Zumaian egindako ontziak ez ziren handiak, 9-12 eta 12-17 metro ingurukoak. “Atlantikorako (Sevilla-Amerikak) eta Ternuarako egiten ziren. Gero, Portugalera burdina garraiatzeko eta Flandriara artilea eramateko ere egin ziren ontziak. 

Garai hartan izandako zenbat gerren ondorioz, merkataritza lerro horiek itxi egin zituzten eta hor hasi zen ontziolen gainbehera. Ez hori bakarrik: orduko estatuek ez zituzten armada propiorik eta gerretarako merkatarien ontziak konfiskatzen zituzten. Hala, gudek irauten zuten denboran armadoreek ez zuten ontzi berririk eskatzen”.

Bigarren loraldia

Gainbehera horren ondorioz, XVII. mendean Zumaia bigarren maila batera erori zen Pasaia eta Bilboren atzetik eta XVIII. mendean ia desagertu egin zela azaldu du ZIIZeko kideak. XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran izan zuen bigarren loraldia eta haren inguruan hitz egin zuen Pedro Etxabe ZIIZeko koordinatzaileak. 

Ondartxo eta Iturtxo inguruan kokatu ziren lehen ontziolak, baina, Amaiako plaza izango zenerako ingurua lurrez betetzen hasi ondoren, enpresa hauek parolbidera eraman ziren. Pedro Alberdi, Querejeta e hijos, Astilleros Eraso, Irureta y Esnal eta abar luze bat izan ziren Zumaian urte horietan sortutako ontziolak.

Hauen inguruko kontakizunak ere eskaini zituen Etxabek. Hala, Querejeta e hijosen “zorte txarra”-ren berri eman zuen. Ontziola honetan egindako bi ontzi, Ramuntxo eta Jose Mari, 500 tonakoa lehena eta 750ekoa bigarrena itsasora egindako lehen bidaian hondoratu ziren. “Ontziola itxi eta haren ordez mueble fabrika bat zabaldu zuten Arrangoletan. Urte batzuk geroago berriro ere ontziola zabaldu zuten, baina ez zituzten ontzi asko egin”. 

Hormigoizko ontziak egiteko proiektua ere egon zela azaldu zuen. “Bilboko batzuek, ikusita materialekin zer eskasia zegoen gerraostean, Construcciones Navales de Hormigon Armado izeneko proiektua aurkeztu zuten 1918an, baina ez zen aurrera atera. Hormigoizko ontziak ibairako egokiak izan daitezke, baina ez itsasorako”. 

Alberdi y Cia.-ren kasuan, 1919an sei traineru egiteko enkargua jaso zuen, Bilboko Abran egiten ziren estropadetarako. “Estropada haietan antolakuntzak utzitako traineruak erabiltzen ziren eta denek berdinak izan zitzaten, Zumaiako ontziola honi egin zioten enkargua”. 

Bigarren loraldi honetatik bizirik geratzen den ontziola bakarra, noski, Balenciaga da. 1921. urtean hasi zuen ibilbidea Arbillaganeko fabrika zaharrean. “1926an txapazko ontziak egiten hasi zen. Une zailak ere izan ditu. Kabotajeko zamaontziak egiten aritu zen, baina orain hamarkada batzuk petrolio plataformetarako ontziak egiten hasi zen. Mugimendu argia izan zen. Orain, petrolioaren krisialdiaren ondoren, ez dira halako ontzi gehiago eskatzen eta berriro arrantzontziak eta zamaontziak egiten ari da”.

Ontzigintza tradizionala zaintzen

Beduola elkarteko kide Beñat Ibaietak eman dio amaiera gaurko hitzaldiari. Elkartea orain hamar urte sortu zela azaldu du, “itsas ondarea eta Beduako ontziola berreskuratzeko”. Denbora honetan erriberetan usteltzen utzitako batelak, txalupak eta baporeak berreskuratzen aritu direla adierazi du. “Orain zortzi urte gasi genuen berreskuratzeko lehen batela. Hasiera batean lokal bat alokatu genuen, baina ikusita gero eta jende gehiago ginela, udalari lokal bat eskatu genion”. Gaur egun Axular ibiltokian, Bidabeazpiko lokal batean egiten dute lan Beduolako kideek. 

“Pixkanaka ikusi genuen hainbat batel zeudela hainbat etxetako garaje eta lokaletan. Pixkanaka ari dira ontzi horiek jasotzen. “Sei ditugu konponduta eta hauetatik bost uretan daude dagoeneko. Inguruko herrietatik ekarritako ontziak ere jaso ditugu eta laister beste bi uretara botako ditugulakoan nago”. 

Erriberatan eta garajetan bakarrik ez, errepidetako biribilgunetan ere zain egon dira egurrez egindako hainbat batel berreskuratuak izan daitezen. “Kalte handiak jasaten zituzten ontzi hauek. Zorionez, ohiturak aldatu dira eta orain plastikozko batelak jartzen dituzte”.

Berreskuratutako ontzi hauekin kontzentrazioetan parte hartzen dutela dio Ibaietak. “Estatu mailan handiena Galizian egiten da. Bilkura hauek baliagarriak ere badira erriberako arotzen esperientziak biltzeko”.

Hurrengo irteera

Getaria

  1. HITZALDIA: Getariako arrantza ondare bakarra jaso eta zabaldu nahian
  2. HIZLARIA: Pello Iribar eta Xabier Alberdi (Kanpaia Elkartea) 
  3. NON: Getarian, Kofradian hasita
  4. NOIZ: Azaroak 13, igandea, goizeko 11:00etan
  5. IZEN EMATEA: Getariako Turismo Bulegoa, tel. 943 140957, info@getariaturismo.eus

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide