Sute txiki bat gertatu da Labarra tabernako sukaldean

Baleike 2016ko azaroaren 6a

Duela ordubete inguru sute txiki bat gertatu da Labarra tabernako sukaldean. Zorionez, inor ez da zauritu eta kalte materialak ere ez dira larriak izan. Su-hiltzaileak etorri direnerako sua itzalita zeukan tabernako jabe Peio Francok.

Su-hiltzaileen sirena hotsak bat baino gehiago larritu du, are gehiago taberna batek su hartu duela zabaldu denean. Hamarrak aldera, Labarra tabernako frijigailu batek su hartu du eta, hasiera batean, larritu egin dira bertan zeudenak sua itzaltzeko gai ez zirelako. "Zeuden bezero apurrei alde egiteko eskatu diet. Azkenean estintorearekin neuk itzali dut. Su-hiltzaileak etorri direnerako itzalita zegoen", esplikatu digu Peio Francok.

Sukaldean estintoreko hautsa dago zabalduta eta erredura orban txiki bat frijigailuaren pareko horman, baina kalte larririk ez. "Orain egun batzuk itxita eduki beharko dugu, hau garbitzera etorri beharko dute eta; baina eguraldi txarra dator eta atseden hartzeko ere ez zaigu gaizki etorriko; hemen urte batzutara kontatzeko zeozer badaukagu", esan du, larrialdia pasata, umoretsu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide