Carlos Casadó: "Igandeko kontzertua karamelu bat da, bai joko dugunontzako, baita entzuleentzat ere"

Baleike 2016ko azaroaren 12a

Klarinete Maratoiaren XV. aldia da aurtengoa eta hamabost maratoietan izan da Carlos Casadó valentziarra. Berak ematen ditu bakarkako eta taldekako ikastaroak eta kontzertuetan jotzeko aukera ere izaten du. Sona handiena igande arratsaldean (19:30ean) Komentuan egingo den kontzertuak du, Espainia mailan jo ez diren bi obra entzuteko aukera izango baita. 

Klarinete Maratoi guztietan izan zara. Nola sortu zen harreman hau?

Denboran atzera eginda hau nola sortu zen galderak egiten dizkiozu zure buruari. Ez zegoen hau antolatzea aurrez pentsatuta; denborarekin osatzen joan da. Mikel Emezabal, Marixi Sesma eta hirurok jotzen hasi ginen eta noizean behin hona etortzen nintzen. Entseatzera etortzen nintzela aprobetxatu zen eskualdeko irakasleentzako baliagarria zen zerbait egiteko. Galdetu zidaten ea haurrekin zerbait egingom nuen, hona etortzen nintzelako, eta hala sortu zen.

Zerk eraman zaitu maratoi bat bera ere ez galtzera.

Gehienbat Marixikin dudan adiskidetasunak. Behin baino gehiagotan esan diot bazuela beste irakasle bati deitzea, urtero nik etorri beharrean beste irakasle bat gonbidatu zezakeela, baina berak nahiago zuen ni etortzea. Urval Ensemble laukotea bezala ere eboluzionatzen joan gara, gero eta konpromiso profesional gehiagorekin, Mikel, Marixi eta Jasone Etxebesterekin dudan harremana ere indartzen joan da eta hemen segitzen dugu denok hemen. Gero, noski, profesional mailan asko interesatzen zaizkidan gauzak egiten ditugu. Ganberako kontzertuak egiteko hemen dugun erraztasuna ez dago beste lekuetan. Boskoteekin, aurten izango dugun ensemblearekin edo Bandarekin egiten ditugunak gozoki antzerakoak dira niretzako. Halako kontzertuak asko gustatzen zaizkit. Gero, ikastaroak ere betidanik gustatu zaizkit. 14 urtez irakasle izan nintzen A Coruñan eta Espainiako Orkestra Nazionalean sartu ondoren ez dut ikastaroak emateko hainbesteko aukerarik izan. Noizean behin ikastaroren bat ematen dut kontserbatorioetan, A Coruñan, Oviedon… Bost egun hauetan harremanetan zaude ez soilik goi mailako ikasleekin, baita haurrekin ere.

Nola ikusten duzu topaketek izandako eboluzioa?

Orain bizpahiru urte Marixiri esan nion jarduera askoz dibertsifikatuagoa zegoela. Hasieran umeekin egiten zen lana eta gero Bandaren kontzertua izaten zen. Askoz gehiagoz ez. Gero dibertsifikatzen joan da: pintxo-poteko kontzertua sartu da, Euskal Herriko irakasleen ensemblea edo klarinete laukoteen lehiaketa. Gero eta jende gehiagok hartzen du parte eta hori garrantzitsua da. Lehen ez zeuden bakarkako klaseak ere badaude. Niri klase hauek gustatzen zaizkit, sakontzeko aukera ematen dute-eta.

Nazioarte mailan ere izan du oihartzuna.

Bai, poza ematen dizu. Klarineteko nazioarte mailako elkarte bat dago eta ordezkaritzak ditu estatu bakoitzean. Urte batzutatik hona ni naiz Espainiako ordezkaria. Elkarteak argitaratzen duen aldizkariak lau zenbaki ateratzen ditu urtean eta hemen egiten ditugun ekitaldien inguruko idatzi bat bidaltzea okurritu zitzaidan. Argitaratu egin zuten. Gero aldizkariaren editorea ezagutu genuen, Texaseko lagun bat; hemen egiten genituen ekintzak ezagutzen zituen eta baita gure taldea ere. Antolatzen duten kongresu batera gonbidatu gintuzten eta The Clarinet aldizkari horretako azalean agertzera ere heldu ginen. Nebraskan ere egon ginen eta euskal folklorean oinarritutako laukote batzuk jo genituen. Oihartzuna izan du, baina ez da guk bilatutako zerbait izan, hala sortu da. Guri interesatzen zaiguna jendea etortzen jarraitzea da eta, baita, ekarpen bat egitea. 

Maratoia handitzen doa. Eskutatik ihes egingo dizuenaren beldurrik ez al duzue?

Ez, formatu egokia du eta, uste dut, oraindik gauza gehiago gehitzea baduela. Clarinet Clinics izeneko topaketak antolatu ditugu. Laukote lehiaketa ere antolatu zen eta gero eta parte-hartzaile gehiago ditu. Lana ondo egiten ari da, baita ere eskualdeko irakasleen laguntzarekin; ekimen honetan pate hartzeko borondatea dute hauek. Orain kanpoko gero eta jende gehiagok ezagutzen du eta parte-hartze aukerak areagotu egiten dira.

Une garrantzitsuenetakoa igande arratsaldeko kontzertua izango da. Hemen entzungo diren bi obra Espainian ez dira jo.

Aurrez aipatzen nizun gozokietako bat, ba jo behar dugunontzako, baita entzuleentzat ere. Joko dugun obretako bat, Psycho eta Vertigo bezalako pelikulentzako musika egin duen Bernard Herrmannena (Souvenir du voyage) uste dut Espainian ez dela inoiz jo. Zaila izan zen partiturak lortzea; azkenean Louisianako unibertsitateko irakasle bati esker lortu ditugu. Gero, Debussyreen klarinete eta pianorako konposizio bat dugu (Première rhapsodie) dugu. Hasieran pianorako egin zuen eta gero orkestratu zuen. Hori da hemen joko duguna. Ensembleko formatu txiki honetan Espainian ez da hau ere jo.

Gero beste leku batzuetan jotzeko asmorik ba al duzue?

Beti dugu desio hori, egun baterako prestatu dugun hori mugitzea. Beno, behin eginda dagoena berriro egin daiteke aukera sortzen bada, errazagoa ere bada eta. Obra badakizu, partitura ere bai eta ez da hain zaila berriro egitea. Garrantzitsua izango zen hura jotzeko lekuren bat agertzea. Gauza polit eta interesgarri asko egin ditugu gero berriro egin ez ditugunak. Egitea da kontua.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide