Zumaia Arrantza, merkataritza eta industria; konkistak eta abenturak; pozak eta nahigabeak; kultura oso bat ... Ia dena eman dio itsasoak Euskal Herriari, mendez mende. Eragina ukaezina da, baina harreman horrek utzi duen arrastoari, ondareari, ez zaio behar bezalako garrantzia eman. Galdu da jakintza (ofizioak, teknikak, hitzak...), desagerrarazi dira ontziolak; eta usteltzen utzi dira egurrezko ontzi tradizionalak, hautsa jaten trepetak.
Galera handia izan da, baina azken urteotan piztu dira han eta hemen okerrari neurria jartzeko ekimenak. Zumaiako Beduola elkartea da horietako bat. Egurrezko ontzi zaharrak berreskuratzen hasi ziren lagun artean eta dagoeneko hogeitik gora bazkide dira eta dozena bat ontzi ingururekin ari dira lanean. Taldeko kide Beñat Ibaietak garbi azaltzen du itsas ondarea berreskuratzea ez dela soilik iraganarekiko lotura mantentzeko modu bat: «Itsas ondarea berreskuratzea garrantzitsua da, gure historia, gure tradizioa, gure kultura hor daudelako; baina hori baino balio handiagoa ikusten diogu. Helburua ez da soilik berreskuratzea bazter batean edukitzeko; helburua da berreskuratzea aktibitatea sortzeko, ontzigintza tradizionala martxan jartzeko, eta astialdiari, hezkuntzari eta kulturari lotutako ekintzak burutu ahal izateko».
Indar handiz datorren turismoaren olatuari geure baliabide propioekin aurre egiteko aukera bat da ontzigintza tradizionala, esperientzia autentikoak bilatzen dituen bisitaria asebetetzeko modukoa. Zer benetakoagoa, egurrezko txalupa batean errioan gora Beduaraino joan-etorria egitea baino?
Mutiozabal eta Bedua Urrats sendoagoak egiteko, ordea, erakunde publikoen bultzada irmoa behar da. Beduolak hasieratik du Beduako ontziola berreskuratzeko proiektua. «Han azpiegitura bat muntatuz gero, egurrezko ontziak egiteaz gain, astialdiarekin eta hezkuntzarekin lotutako jarduerak egin daitezke», dio Ibaietak. Baina urrats asko daude oraindik egiteko Beduako proiektua egunen batean egi bihurtu dadin.
Aurreratuago daude Orion. Mutiozabal ontziola berreskuratzeko erabakia hartu du Udalak, euskal kostaldean zutik gelditzen den bakarrenetakoa izanik, daukan balioaz jabetuta. Beñat Ibaieta bera ari da, Orioko Udalak emandako beka baten bitartez, etorkizunean izan ditzakeen erabilerei buruzko txostena lantzen. «Mutiozabal sekulako altxorra da. Eraikinaz gain, ontziolako dokumentuak, ontzien planoak, lanabesak eta abar gorde dira», dio Ibaietak. Igandean sakonago azalduko du, 11:00etan Etxe-Luze parean hasiko den hitzaldi gidatuan.
