'Zumaiako emakumeak lanean': erakusketa baten arrakasta

Baleike 2016ko azaroaren 28a

Azaroaren 19an zabaldu zenetik, makina bat herritar pasa da Alondegian zabaldutako Zumaiako emakumeak lanean erakusketatik. Ez hori bakarrik: erakusketaren arduradun Joseba Esnalek jarritako joko edo erronkari ere primeran erantzun diote.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira muntatu da erakusketa hau. Zumaiako gizarteak ahaztu izan dituen emakumeak lanean irudikatzea du helburu. Hala, kontserbagintzan, osteleritzan, irakaskuntzan, sareak konpontzen eta beste hainbar arlotan agertzen dira emakume hauek. Pasa den astean izandako mahai-inguruan Berdintasun Foroko kide beraiek onartu zuten harrituta geratu zirela emakume hauek zenbat arlotan lan egiten zuten ikustean, beti ere esker on bat bera gabe.

Esnalek joko edo erronka bat ere jarri zuen. Argazkietan agertzen diren asko ezagunak dira; beste batzuk, aldiz, ez hainbeste. Horregatik, zumaiar hauek identifikatuak izan daitezen, hori koloreko postitak utzi zituen erakusketako bisitarien eskutan. Eta erantzuna itzela izan da. Postitez josita daude argazki hauetako asko. Hala, gure herriko historiako protagonista ezezagun hauek pixka bat ezagunak izango dira hemendik aurrera.

Erakusketa abenduaren 4ra arte bisitatu ahal izango da Alondegian, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide