San Pedro Abesbatza ‘Mesias’ kontzertu parte-hartzailean izango da, asteartean, Kursaalean

Baleike 2016ko abenduaren 8a

Gipuzkoako sei abesbatzak hartuko dute parte astearte honetan, abenduaren 13an (19:30ean), Donostiako Kursaal jauregian egingo den Mesias obraren oratorioan. Abesbatza hauen artean Zumaiako San Pedro dago. 200dik gora ahotsek egingo dute bat Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren egitarauan sartzen den "musikaren ospakizun kolektibo" honetan. Sarrerak salgai daude www.kursaal.eus atarian.

Hala definitu zuten azaroaren amaieran Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari orokorrak eta La Caixa fundazioko Nuria Ollerrek egin zuten aurkezpen ekitaldian. Bertan izan zen, baita ere, San Pedro Abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarra. Esperientzia errepikaezin honek koruko abeslari amateurrak eta nazioartean ospetsuak diren orkestrak, solistak eta zuzendariak bilduko ditu.

Jean Christophe Spinosi zuzendari frantziarrak gidatuko du Ensemble Matheus eta Les Éléments orkestrek osatutako musika taldea. Solista lanetan Sabina Puertolas sopranoa, David DQ Lee kontratenorra, Krystian Adam tenorra eta Christian Senn baxua arituko dira. Horiekin batera, nor bere eserlekutik, Gipuzkoako hainbat korutako 212 kidek ere parte hartuko dute kontzertuan. Abesbatzak Hondarribiako Eskifaia, Arrasateko Goikobalu, Tolosako Hodeiertz, Azkoitiko Iraurgi, Ordiziako Oroith eta Zumaiako San Pedro izango dira. "Koru parte-hartzailearen lana obraren hainbat zatitan entzungo da, batzutan eszenako koruarekin elkarrizketan edota bi koruak indarrak batuz une handienetan", adierazi du San Pedroko kide Iker Gonzalezek.

San Pedro Abesbatzak uztaila aldera jaso zuen kontzertu honetan parte hartzeko proposamena. "Baiezkoa eman genuen baina orduan abuztuko proiektu handiarekin burubelarri genbiltzanez honen prestakuntza iraila arte atzeratu zen", dio Gonzalezek. "Hala ere, erronka handia zenez, abuztuko oporretan banatu genituen ikasi bekarreko partiturak eta grabaketen bitartez abeslari bakoitzak bere lan pertsonala egiteko aukera izan zuen".

Gregor Friederich Händel musikagilearen Mesias oratorioa musikaren historian sortutako obra guztien artean ezagunetarikoa dela dio Gonzalezek, batez ere bere bigarren zatiaren amaieran entzuten den Hallelujah. "Gure inguruan Gabonetan eskaintzen den arren obra honetan Jesusen bizitzako pasarte ezberdinak agertzen dira".

Obra handia, luzea, ia bi ordu eta erdiko iraupena duena, San Pedroren tamainako abesbatza batentzat bere kabuz halako monumentu bat altxatzea ia lan ezinezkoa izango litzateke. "Ez bakarrik musika eskaerengatik, baita ere ekoizpen aldetik sortzen diren eskaerengatik: orkestra barroko bat, hainbat bakarlari, etab.". Azken urteetan kontzertu parte-hartzaileak antolatzen joan dira eta horiei esker aukera zabaldu egin zaie, "Bertan obraren zati bat abesteko aukera duzu beste talde ezberdinekin batera, orkestra eta koru profesional baten inguruan".

Gonzalezen esanetan, erronka handia izan da San Pedro osatzen duen familiarentzat, "eta baita ere esperientzia berezi bat bizitzeko aukera. Beste taldeekin lana partekatzeko aukera beti da aberasgarria. Obra honek hainbat zailtasun ditu, batzutan hainbat nota abestu behar dira non ez dakizun arnasa non hartu, besteetan berriz egin beharreko salto musikalak harrigarriak dira". 

Kontzertuak ahalik eta hobekien prestatzeko, eta etxeko lanak egin ondoren, hiru asteburuan elkartu dira Gipuzkoako abesbatzak. "Gipuzkoako beste taldeekin bat egin dugu Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Ignacio Mari Barriola eraikinaren auditorioan. Bertan Belen Sierra piano-jolearekin eta Montserrat Roset zuzendariarekin lana fintzen egon gara, bai testuarekin lanean (obra XVIII. Mendeko ingelesean idatzita dago) eta baita musikaren nondik norakoekin. Oso lan interesgarria izan da, honen adibide Händelek idazterakoan musika eta hitzak nola lotzen zituen ikustea. Horrez gain, estilo barrokoa ez da ohikoena gure abesbatzen artean eta abesteko era ere aldatzen da. Horrez gain ez da berdina 30-35 abeslarien talde batean aritzea edota 200 inguruko batean egitea".

Lan handia

San Pedroko kideak azpimarratzen duenez, lan handia suposatzen du oratorio hau abesteak. "Kontutan hartu behar da Händel-ek italiar estiloko operak idazten ari zela eta gehienetan bere abeslariak ondo prestatutako abeslari profesionalak zirela. Guzti hori aurrera ateratzeko norberaren eta taldearen lan handia suposatzen du, horren adibide Arritokietako Salbea abestu ondoren Händel-en musika bakarrik izan dugula gure atriletan. Orkestrarekin azken ukituak ematea besterik ez da falta eta baita Kursaal aretora egokitzea ere. Hortik aurrera musikaz disfrutatzea, besterik ez".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide