San Jose kalean igogailua jarri ahal izateko lursaila erosi du Udalak

Baleike 2016ko abe. 9a, 13:22

Irisgarritasun arazo larriak dauzka San Jose auzoak.

Beheko Plaza eta San Juan Egoitza lotuko dituen igogailua aurreikusten du San Jose kalearentzat 2012an idatzitako planak, auzoak dauzkan irisgarritasun arazoak konpontzeko jasotzen diren beste hamar ekintzekin batera. Igogailua jarri ahal izateko lur saila erosi berri du Udalak, 271.797 euro ordainduta. 2017an zehaztuko dute proiektua.

Irisgarritasun arazoz jositako ingurunea da San Jose kalea. Aldapak, eskailerak, espaloi falta... Horiek konpondu nahian, Plan Berezia landu eta aurkeztu zuen Udalak 2012an. Guztira 11 ekintza jasotzen ditu planak, Beheko Plaza eta San Juan Egoitza lotu behar dituen igogailua, besteak beste. Udalak gaur jakinarazi duenez, lehen igogailua eraiki ahal izateko behar den lur-saila erosi berri du, eta datorren urtean zehaztuko dute proiektua.

Proiektua idazteko, lehenik arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa antolatuko dute. Behin proposamenak jasotakoan, herritarrek gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Boto horiek aintzat hartuko dira, proposamenaren bideragarritasun eta beste hainbat irizpiderekin batera, behin betiko proposamena aukeratzeko.

Aurrerapen gutxi orain arte

Plana 2012an aurkeztu zitzaien auzotarrei, baina orain arte aurrerapen handirik ez du izan. San Juan Egoitza eta San Jose kaleko 26, 27 eta 28. atariak banatzen zituen horma bota eta irisgarritasuna erraztea izan da orain arte egindakoa, duela bi urte. Horma hori bota zenetik, atari horietako bizilagunek San Juan Egoitzara igotzeko dauden arranpak erabil ditzakete.

2013ko urtarrilean argitaratu zen Baleike aldizkarian kaleak dauzkan arazoen eta Plan Bereziak jasotzen dituen neurrien inguruko erreportajea. Hemen irakur dezakezue.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide