"Francoren gudarosteei aurka egin zieten Urola treneko langile haien oinordekoak gara"

Baleike 2016ko abenduaren 21a

Argazkia: Peio Romatet

Gerra zibilaren garaian Urola burdinbidean lan egiten zuten langileak omendu zituen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakaleran egin zen ekitaldi ikusgarri eta, aldi berean, hunkigarri batean.  

Tabakalerako areto handienetako bat, Patio izenekoa, txiki geratu zen atzoko omenaldi ekitaldian. Langile haien seme-alabek eta familiartekoek bete zuten aretoa. Euskal Herriko zenbait instituzioetako ordezkariak ere izan ziren bertan: ekitaldia deitu zuen Foru Aldundia, Markel Olano diputatu nagusia buru zuela, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzatik, Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako presidente Bakartxo Tejeria eta Eider Mendoza, Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernutik, Gipuzkoako zenbait herrietako alkateak, eta abar luze bat.

Jabier Muguruzak, Jose Ramon Soroizek eta Miren Gojenolak gidatu zuten sinbolismoz betetako ekitaldia. Musika, dantza eta antzerkiaren bitartez, aretoa 1930eko tren geltoki bihurtu zen eta historian zehar egindako bidaia batean murgildu zituzten bertaratutakoak. Bost geldiadiko bidaia izan zen irudikatu zena: Francoren gudaosteak Irunen sartu zirenetik, Intxortan hilabete batzuez geldiarazi zituztenera arte. Tartean, Donostian, Zumaian eta Elgoibarren izan zituen geldialdiak. Bakoitzean, herri hauetako alkateak igo ziren oholtzara garai gogor hartako bizipenak kontatzera eta une lazgarri haiek bizi izan zituztenei omenaldia eskaintzera: Jose Antonio Santano Irundik, Eneko Goia Donostiatik, Oier Korta Zumaiatik, Ane Beitia Elgoibartik eta Iraitz Lazkano Elgetatik. 

Zumaiako geldialdian 1937ko otsail euritsu hartan herria uztera behartuak izan ziren 252 kanporatuen pasartea errepresentatu zuten. Egun hartan Zumaiari agur esaterakoan abestu zuten Agur, Jesusen ama kantatu zuten abeslariek, maletak eskuetan zituztela. 

Zumaiako historiaren pasarte beltz hura izan zuen gogoan Oier Korta alkateak. Bere familia izan zuen gogoan: garai hartako udal gobernuko kidea bat, karabineroa bestea, biek ihes egin behar izan zutela gogoratu zuen. Birramona eta bere alaba, alkatearen amona, otsailaren 13an eta 14an kanporatuak izan zirenen artean zeundela aipatu zuen. "Alde egin behar izan zuten, Bilbora lehenbizi eta Laredora ondoren, Zumaiara itzuli aurretik. Zer bizi behar izan zuten pertsona hauek..." adierazi zuen hunkituta.

Langile haien familiartekoei treneko langileek erabiltzen zuten txilibituen erreplika bana oparitu zitzaien. Aurretik, Markel Olano diputatu nagusiak gogoan izan zituen frankismoaren errepresalia jasan zuten langile hauek. "Foru Aldundiko langileak ziren hauek eta une gogorrak eta latzak bizi behar izan zituzten". Urola treneko langile hauen erresistentzia ekintza bat ere gogoan izan zuen Olanok, Francoren gudaosteak Gipuzkoan zirenean trenak eta bagoiak Bizkaira eraman zituztenekoak. "Ekintza harekin gudaoste hauek nolabait geldiarazi zituzten. Handik hiru egunera Jose Antonio Agirreren gobernua eratu zen Gernikan. Eusko Jaurlaritza haren eta [Francoren gudarosteei] aurka egin zioten langile haien oinordekoak gara. 

Opariak banatu aurretik, langile haien izenak banan bana irakurri zituen. "Ez daude gurekin, baina gurekin daude". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide