Iaz izandako turista eta bisitari kopuruaren hazkundearekin, urtetik urtera handitzen doan aparkaleku faltaren arazoa oraindik gehiago areagotu zen. Horri aurre egin nahian, Zumaiako Udala aparkalekuen araudia prestatzekotan da. Ardantzabiderekin hasi duena, herriko beste gune batzuetara zabalduko da datozen bi urteotan. Uda honetan hiriguneko zenbait ezarri nahi da araudi hau: Alde zaharra, San Jose, Erribera, moila, parolaldea, Larretxo, Ondartxo eta Amaiako plaza. Poligonoak, aldiz, datorren urterako utziko dira.
Aste honetan herritarrekin bildu dira udal ordezkariak araudi honen zirriborroaren berri emateko. Alde zaharreko, San Jose kaleko eta moilako bizilagunekin egindakoan izan ginen. "Gure asmoa da uda sasoian Zubitxikitik barrurako aparkaleku sistema definitzea", adierazi zuen Oier Korta Zumaiako alkateak. Aparkalekuak bakarrik ez, herri barruko mugikortasuna ere kontutan hartu behar dela nabarmendu zuen, "oinezkoei lehentasuna emanaz kotxeen aurretik".
"Aldaketa handia izango da, eta baita erronka handia ere denontzat. 2018an poligonoetako eremua arautuko dugu. Ordurako jakingo dugu zer akats egin diren eta zertan den sistema hau defizitarioa. Arazoaren argazki erreal bat izango dugulakoan gaude", adierazi zuen. "Ordenantza hauek ez dituzte aparkaleku berriak sortuko, baina daudenak arautiko dituzte", gaineratu zuen Gorka Arregi udal arkitektoak.
Hirigunean lau gune
Esan bezala, 2017. urte honetan Zubitxikitik hirigunera bitarteko zatia arautu nahi da. Sistema ezartzerako orduan herria lau gunetan banatu dute: Ardantzabide (1), San Jose-Erribera-moila (2), Larretxo (3) eta Parolaldea-Amaiako plaza-Ondartxo (4).
Ardantzabiden izan ezik, aparkaleku arautua urte osoan egongo delako martxan, beste guneetan udako hiru hilabeteetan, hondartzako denboraldian, izango da martxan: ekainaren 15etik irailaren 15era.
Helburua egoiliarrek beraien gunetan aparkatzekoa izango litzateke, baina, jakinda aparkaleku defizita dagoela (auto gehiago dago aparkaleku kopurua baino), 1, 2 eta 4 guneetako egoiliarrek beste gunetan aparkatzea izango dute, Larretxon ezik. Kale edo auzo honek bere tipologia propioa izango du eta bertako egoiliarrek bakarrik izango dute bertan aparkatzea (Larretxokoek ezingo dute beste guneetan aparkatu). Auzoak sarbide bakarra duenez, semaforo baten bidez kontrolatuko dira bertara inguratzen diren kotxeak.
Bi TAO gune
Udal gobernuak TAO sistemaren aldeko apustua iragarri zuen orain pare bat hilabete. Herritarrekin egindako bileran alkateak eta udal arkitektoak adierazi zutenez, bi TAO gune ezarriko dira hirigunean eta bakoitzak tipologia desberdina izango du.
Moilaberriko zubitik Arranplara bitartean, ibaiertzean, errotazio handiko TAO gunea izango da. Gehienera jota 90 minutuan aparkatu ahal izango da bertan eta herritarrentzat doakoa izango da. "Zumaiako beste auzoetatik hirigunera enkargu edo gestioren bat egitera etortzen direnentzako aproposa izango da. Herritarrek doan aparkatu ahal izango dute bertan baina txartela atera beharko dute; kanpotarrek ordaindu egingo dute".
Bigarren gunea Julio Beobide ibiltokian kokatuko da. Honek ohiko TAO sistema izango du. "Kanpotik datozenei zuzenduta dago, baina, lehen urte honetan, ikusita herriko zenbait gunetan aparkaleku defizita dagoela, zumaiarrek bertan doan aparkatzea izango dute, baina gehienez 24 orduan. Horren ondoren kotxea mugitu beharko dute". Doan izanda ere, beste gunean bezala, txartela atera beharko dute.
Behin ordu jakin bat pasa ondoren, aparkaleku normalak bihurtuko dira bi guneak.
Kanpoko aparkalekuak
Beste herrietatik uda garaian Zumaiara datozen bisitariak kanpoko aparkalekuetara bideratuko direla gehitu zuen alkateak: Estazioko industrigunera, kirol portura eta GKN enpresa ingurura. "Behin Parolbideko TAO gunea beteta dagoenean, kanpoko aparkalekuetara joan beharko dute, beste guneak egoiliarrentzako izango direlako".
Abendu amaieran onartu ziren 2017ko aurrekontuetan Txu-txu trena ekartzea aurreikusten zuen udal gobernuak, kanpoko aparkalekuak eta hirigunea lotzeko. "Herria txikia da eta oinez ez daude hain urruti ere", gogoratu zuen Kortak.
Erribera oinezkoentzat
Kale hau astegunetan eguerdira bitartean egoten da trafikora zabalik, zamalanetarako, baina baita enkarguren bat egitera hurreratu direnentzako. "Orain errotazio handiko gunea izango da moilan eta han aparkatzea izango dute enkarguak edo gestioak egitera hurreratu direnek".
Bileraren ondoren alkateak adierazi zuenez, Erribera kalea oinezkoentzako bihurtzeko asmoa du Udalak. Zamalanak errespetatuko dira, baina ez da beste kotxerik onartuko
Proposamenak
Izandako bilera hauetan eta posta elektroniko bidez jasotako proposamen eta iradokizunak Udal gobernuaren zirriborroan txertatzea posible den aztertuko dute datozen hilabeteotan. Ordenantzak eta pleguak martxorako onartuta egon behar dute aparkalekuen araudia ekainaren 15ean abian jarri nahi bada. Oraindik badago proposamenak aurkezteko denbora. Horretarako mugikortasuna@zumaia.eus helbidera idatzi daiteke.