Abenduaren 31n jarritako pankarta desagertu ondoren, "Kalea Guztiona Da" leloa zuen beste pankarta bat jarri zuten urtarrilaren 5ean leku berean, CCOOren egoitzako balkoian. Hara zer gertatu zen biharamunean, atzo agerraldian kontatu zutenez: "Biharamunean, goizeko 7:45 inguruan, garbiketa brigadako bi langile pertika zorrotz batekin pankarta moztera zihoazela infraganti harrapatu genituen.Kalea Guztiona Da-ko bi kidek, gertatutakoa grabatzen ari zirela [ikus bideoa], langileei esan zieten leku pribatua zela eta ez zutela hor sartzeko eskubiderik. Langileen erantzuna ondorengoa izan zen: “Badakigu leku pribatua dela, alderdi politikoren baten egoitza edo horrelako zerbait, baina guri pankarta guztiak kentzeko agindu digute eta hori da egiten duguna”. Udalaren jokaera zentsuratzat jo dute gehiengo sindikalak eta Kalea Guztiona Da kolektiboak: "Argi baino argiago. Oso larria iruditzen zaigu, garbitasunaren aitzakiaren izenean, Udalaren gustukoa ez den edozein ideia ezabatzeko etxeko sukalderaino sartzeko prest egotea. Horri zentsura deitzen zaio, hemen eta Turkian".
Pankarta, kartel eta antzekoen aurrean Udalak azken aurtean hartu duen bidearen errepasoa ere egin zuten atzoko agerraldian:
"Otsail amaiera aldera, urtebete izango da Zumaiako Udal Gobernuak bere kabuz erabaki zuela kaleetatik pankartak, pegatinak eta muralak kentzea. Zumaiarrok erabaki gogor horren berri prentsa ohar labur baten bidez jakin genuen, “edozein delarik euren edukia, helburua edo mezua kenduko ditugu” zioten oharrean. Debeku horiek ez ziren aipatu ere egiten gobernuan den alderdiaren hauteskunde programan ; egun batetik bestera erabaki zituzten, eta gainera, Udaleko oposizio politikoarekin, sindikatuekin, eragileekin eta herritarrekin hitz egin gabe ezarri ziren".
"Debeku horien aurkakotasunak herriko elkarte askoren eta gehiengo sindikalaren babesa duen Kalea Guztiona Da dinamikaren sorrera ekarri du. Halere, Udalak muzin egin dio gai honetan inolako adostasun edo parte hartzea bilatzeari eta beraz, zentsura agindua zorrotz bete dute. Urteko egun guztietan: izan jai eguna, izan igandea ala egin txingorra goitik behera; salbuespenik gabe baztertu dituzte aldarrikapenak, kultur ekitaldiak eta ekitaldi sozialak Zumaiako kaleetatik. Erribera kaleko bazter batean ahaztuta zegoen horma marroi bat ezaguna egitea lortu du Zumaiako alkateak; izan ere, 9 hilabete eskasetan 24 mural ezabatu ditu, hori da bere agintaldiaren “lorpenetako” bat. Udal Gobernuak etorkizunean indarrean jarri nahi duen garbitasun ordenantza deiturikoaren zirriborroaren inguruko xehetasunak oraintsu zabaldu dituzte. Gizarte mugimendu ugarik Mozal Ordenantza gisa izendatu dutenaren ia berdina da zirriborro hori; izan ere zoritxarreko Mozal Legearen debekuaren logika bera baitu. Ordenantza horrek ez du Zumaiako gizarte eragile, elkarte eta mugimenduen babesik eta jada indarrean dauden debekuez gain isun ekonomiko larriak ekarriko ditu".
Azkenik, jarrera aldatzeko "exijitzen" diote Udalari, eta utz dezala "frentismoa" alde batera: "Gaiak behar duen lasaitasunarekin har dezala eta adostasuna lortzeari lehentasuna eman diezaiola, arazorik ez zegoen lekuan arazo gehiago sortu beharrean. Zumaiako eragile guztiekin eta interesa duen herritar ororekin eser dadila, denon artean konponbide bat lortzeko".