Inauteriak 2017

Euskal inauterien inguruko kalejira egingo du Musika Eskolak hilaren 24an

Baleike 2017ko ots. 10a, 06:00

Azken urteotan bezala, eta aurtengoaren hamargarrena izango da, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak emango dio hasiera Zumaiako Inauterietako egitarauari. Aurten ere kalejira bat egingo dute herrian zehar, baina, ekitaldi handi bat izan beharrean, zazpi ekitaldi txiki egingo dira bidean zehar. Zazpi ekitaldi, Euskal Herriak dituen probintziak adina. 

Izan ere hamargarren kalejira honek Euskal inauteriak izango du gaia. Musika Eskolak antolatutako lehen bi kalejirek euskal inauteriak hartu zituzten gai bezala: Lantzeko inauteriak eta Akelarrea, hain zuzen ere. Gero, hurrengo urteetan, beste gai batzuen inguruko jaiak muntatu zituzten: Asterix, superheroiak edo zirkoa, besteak beste. Hamargarren urtea betetzen den honetan, hasierara itzultzeko asmoa erakutsi dute eta berriro bertoko inauterietara itzuli dira.

Ikuskizunean bertan ere izango dira aldaketak. Aurreko jaialdietan, kalejira baten ondoren, ekitaldi handi bat egin izan da. Aurten, bidean zehar geldialdiak egingo dira eta bertan musika, dantza eta antzerki saioak egingo dira. "Zazpi probintzia ditu Euskal Herriak eta zazpi izango dira egingo diren geldialdiak. Bakoitzean probintzia bakoitzari dagokion dantza egingo da eta bertako pertsonaia baten inguruko antzerki saioa izango da", adierazi du Sofia Oriak, Musika Eskolako zuzendariak. 

Ikasle, irakasle, musikari, antzezle, guraso eta herritarrez osatutako taldea 18:30ean bilduko da Ubillos aurrean eta handik abiatuko dira alde zaharrean eta Erribera kalean zehar: Foruen enparantzan, Sanjuaniturrian, Kofradian, Erriberan, Beheko Plazan eta Odieta frontoian egingo ditu taldeak geldialdiak.

Jaialdian parte hartuko dute: Zumaiako Udal Musika Bandak, Inazio Tolosa, Esti Curiel, Goizeder Iturain eta Telmo Irureta aktoreek eta antzerki tailerreko ikasleek; Bertso Eskolako kideek, Ander Hormazurik eta Juan Luis Blancok, txalaparta jotzen; eta Musika Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek. 

Orain arte egindako jaialdien balorazio positiboa egin du Oriak. "Oso positiboa da. Umeek bizi egiten dute jaialdi hau. Irailean hasten gara xaxatzen eta abenduan esaten diegu hurrengo urteko jaialdiaren gaia zein den. Ikaragarria da haurrek nola bizi duten, nahiz eta, agian, gaia ez zaien asko interesatuko. Ohitura bat sortu dugu eta ume hauek ez duten pentsatzen Inauteririk dagoenik Musika Eskolako jaialdirik gabe. Horrek motibatzen gaitu. Pedagogikoki ere interesgarria da. Lan handia egiten da aurretik eta jaialdia horren azken eztanda da". 

Tailerrak

Jaialdi koloretsu hau behar bezala joan dadin, zenbait taile eta ikastaro egingo dira datozen egunotan. Hala, otsailaren 14, 16 eta 23an mozorroak prestatzeko jantzi tailer bat egingo da. Tailer hau herritar orori zabaldutakoa izango da. Hilaren 13an eta 15ean, aldiz, Musika Eskolako ikasleei zuzendutako jantzi tailerra izango da. Denak ere 17:30etik 19:00etara bitartean izango dira, Ubillos jauregian.

Jantzi tailerrean parte hartu eta kalejirako partaide direnentzako merendola egingo da egunean bertan, hilaren 24an, 17:15etik 18:00etara Ubillosen.

Kalejirarako entsegu irekiak ere egingo dira, hilaren 21ean eta 22an, 17:30etik 18:00etara, Torreberrin.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide