Bidea ez da erraza izaten ari Lagun Artearentzat eta bere 150 langileentzat. Lan-jarduera lau hilabetez eteteko txostena aurkeztu zuen azaroan, eta aste honetan jakin da urtarrilaren 23ean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuela epaitegian. Borondatezko erabakia izan da enpresaren partetik, zenbait hartzekodunen balizko eskaeren aurrean diru kontuen enbargoa ekiditeko. Erabaki honekin enpresak bere martxa eraman dezake, baina orain kanpoko administratzaile bat daukate enpresan, eta haren oniritzia behar dute edozein diru mugimendu egiteko.
Lan-jarduera eteteko txostenak martxoaren 23ra arteko iraupena du hasiera batean, baina luzatzeko aukera du enpresak. Bitartean, enpresa aurrera ateratzeko bideragarritasun planarekin segitzen dute. Lagun Arteak hainbat lan ildo dauzka eta horietako bakoitzarentzat ari dira inbertsore bila. Sektoreko inbertsoreak nahi dituzte, eta dagoeneko ataletako batean negoziaketak nahikoa aurreratuta dauzkate.