6.800 euroko laguntza eman dio GKN Driveline Zumaiak Adela elkarteari

Baleike 2017ko otsailaren 24a

GKN Driveline Zumaia enpresak 6.800 euroko txeke bat eman dio gaur eguerdian Adela elkarteari. Elkarte honek Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) gaixotasuna pairatzen dituzten gaixoak eta haien familiartekoak biltzen ditu. Horrez gain, faktoria barruko zazpi proiektu ere saritu ditu enpresak.

Enpresak sustatzen dituen gai sozialen baitan, kirol jardueran egiten diren kilometroak diru bihurtzeko proiektua du abian GKNk. Hala, bizikletan, korrikan, igerian edo oinez langileek egiten dituzten kilometroak esparro sozialeko elkarteko bati laguntzeko diru bihurtzen dira. Kopuru hori bikoiztu egiten du enpresa berak eta kopuru osoa elkarte bati ematen diote. Iaz Aspanogi elkartea lagundu zuten diruz eta aurten Adela elkartea izan da hautatua. 

Abenduan kontatu zituzten egindako kilometro guztiak: 260.000 kilometro egin zituzten guztien artean. Hori diru bihurtuta 6.800 euro atera dira. Adelako presidente Jose Mari Arrazolak jaso zuen txekea. "Ematen duzuen dirua gaixoen bizi kalitatea hobetzeko eta goxotasuna emateko erabiliko ditugu", azaldu du.

Zazpi proiekturi sariak

Txeke horrez gain, enpresa barruan sustatutako zazpi proiektu ere saritu ditu GKNk. "Berrikuntza, segurtasuna eta kalitatearen inguruko proiektuak dira, baina baita arlo soziala lantzen dituztenak ere. Gizartea ere lagundu nahi dugu gure neurrian", adierazi du Iñigo Zalduak, GKN Driveline Zumaiako giza baliabide buruak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide