Bikain hasi du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak errepideko denboraldia

Baleike 2017ko mar. 7a, 11:42

Estreinatu berria du Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak errepideko denboraldia eta hasiera bikaina izan da. Arritxu Iribarrek egin du denboraldi hasiera honek emandakoaren kronika. 

Alebinek eta infantilek Hondarribian jokatu zuten aurreko larunbatean errepideko lehen proba eta bertan Garazi Bergarak, alebin mailan, mutilekin batera lasterketa buruan ibil daitekeela erakutsi zuen; karrera laugarren bukatu zuen eta nesken artean aurrena izan zen. Garazi Bergarak iaz detaile politak erakutsi zituen eta aurten, beste urrats bat eman, eta mailan honetan punta-puntan ibil daitekeela ziurtatzeko bermeak eman ditu. Oso ondo Anuk Gogenola: hasi berria da eta duen ilusio eta gogoarekin zer esana emango du, ikasteko urtean postu onak eskuratzen hasi baita. Lehenengo lasterketa eta bosgarrena izan zen Anuk. 34 txirrindulari izan ziren alebin mailan eta horien artean beste hiru herritar egon ziren, oso lan txukuna eginez: 19., 20. eta 21. sailkatu ziren Andde Etxaniz, Lizar Tolosa eta Yuri Urbieta, hurrenez hurren.

Infantiletan, 29 parte-hartzaileren artean, Viveros San Antongo mailota aurrean ikusi zen: Kimetz Etxabe laugarrena izan zen lasterketa oso ona eginez; Aitor Agirre ere bikain aritu zen, 7. Sailkatuz. Roman Zabaleta 14.a izan zen, Heiko Mateos 21. eta honekin batera helmugaratu zen Maddi Etxabe, nesken artean bigarren sailkatuz.

Astebete lehenago mendi bizikletekin izan zuten proba Oiartzunen eta alebinetan Anuk Gogenola zazpigarren sailkatu zen, Garazi  Bergara 14. eta Lizar Tolosa 21. Infantiletan, berriz, Aitor Agirrek podiuma zapaldu zuen: hirugarren sailkatu zen oso oso lasterketa ona eginda. Kimetz Etxabe 13. helmugaratu zen eta Heiko Mateos 25.

Alebin eta Infantilek Hernanin izango dute lasterketa datorren larunbatean.

Kadeteak

Kadete mailan Antton Tolosak txukun hasi du denboraldia. Ibaetan finalerako sailkatu eta 53 parte hartzaileren artean 26. sailkatu zen; Beasainen 50 kmko lasterketa osatu eta amaieran, Olaberriako muinoa gainditzeko malda tentea pasata, 36. sailkatu zen lasterketa ona osatuta.

Mikel Manzisidor, berriz, Ibaetan ez zen finalean sartu, eroriko batek enbarazu egin, eta pelotoitik atzera gelditu ostean ez zuen sailkatzea lortu. Beasainen,lasterketa erdian, pelotoiko erritmoa segi ezinda atzeratu zen eta ertzainek ez zuten atzeratuekin gupidarik izan, lasterketatik kanpo utziaz. Mikelek lehen urtea du kadete mailan eta egokitzeko eta ikasteko urtea izango du, baina badu kemena lasterketaz lasterketa hobetzen joan eta karrerak bukatzen hasteko. Datorren larunbatean hitzordua Zarautzen dute eta etxe aurretik behin eta berriz igaroko direnez, ilusioz beterik prestatuko dute karrera hori.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide