Halako ekitaldiek antolakuntza handia dakarte: Korrika Kulturala prestatu, kilometroak saldu, Korrika-lagunak lortu... eta, jakina, baita propaganda egin ere. Azken hori egiteko baimena eskatu genion Zumaiako Udalari, hilabete lehenago herria girotzen hasteko asmoa genuen eta.
Gure helburua, baina, ez da nahi bezala bete. Pankartak asteburu bat lehenago (apirilaren 1ean) jartzeko baimena lortu dugu. Aukera hori, ordea, ez da nahikoa guretzat, eta horregatik jotzen dugu zuengana. Laguntza eske gatoz, zeuek ere Korrikako propaganda egiten parte har dezazuen. Euskararen alde ekarpen bat egiteko prest bazaudete, metro erdi inguruko pankartak, balkoietan ipintzeko modukoak, izango dituzue eskuragarri euskaltegian. Hala, Korrikari ongietorri koloretsua egingo diogu.