Jaiotz Osa: “Bakarlari moduan lehen lana da eta bertigo pixka bat dut”

Baleike 2017ko mar. 22a, 10:47

Argazkia: Mariló Míguez.

Gelditu gabe dabil lanean Jaiotz Osa dantzaria. Pasioa ofizio bihurtu du eta gustura sumatzen zaio. Donostiako DFeria Arte Eszenikoen jaialdian parte hartu berri du bi ikuskizunekin; Now eta Raw. Horretaz gain, pasa den astean, Ai Do Project konpainiarekin eta Musikeneko musikariekin, emanaldi berezi bat eskaini zuen Victoria Eugenian. Martxoaren 30ean aldiz, Suddenly bakarkako lana aurre estreinatuko du Gazteszenan. “Dantza ezagutarazi nahi dut, eta horretarako lana egin behar dugu”.

Hirugarren aldiz hartu duzu parte DFerian, eta aurten bi pieza ezberdinekin gainera.

Alde batetik, Lasala konpainiarekin Now ikuskizunean hartu nuen parte, eta bestetik, Amaia Elizaran dantzariarekin duo bat egiten Raw izeneko piezan. 

Lasala konpainiaren parte zara, eta ikuskizun berri honen koreografo laguntzaile ere ibili zara.

Lasala konpainiako zuzendaria Judith Argomaniz da, eta sorreratik nago berarekin. Now konpainiaren ikuskizuna da, eta obrak denboraren bidaiaz hitz egiten du. Hau da, denbora nola pasatzen den, eta  horrek nola eragiten digun. Ordubeteko pieza bat da, eta bost dantzari gaude. Horretaz gain, adin nagusiko bi pertsona eta ume bat agertzen dira. 

Amaia Elizaranekin aurkeztu zenuen obra aldiz ezberdina izan zen.

Askoz pieza txikiagoa da eta intimoagoa izan zen, 15 minutu ingurukoa. Bi pertsonek elkarrengan duten dependentziaz hitz egiten du, eta horietako baten hutsuneak nola eragiten dion besteari.

Gustura zara bi piezek izan zuten harreraz?

DFeria Arte Eszenikoen azoka garrantzitsua da eta nazioarteko konpainiak, zuzendariak eta abar hurbiltzen dira. Guretzat eskaparate ezin hobeagoa da, eta egia esan harrera ezin hobeagoa izan genuen. Antzokia beteta egon zen, eta publikoarekin izan genuen feedbacka, bai publiko arruntarekin eta baita profesionalarekin, oso ona izan zen. Printzipioz emanaldi batzuk atera dira, eta oso gustura gaude.

Pasa den astean saio berezi batean parte hartzeko aukera izan zenuen Victoria Eugenian.

Hala da. Ai Do Project konpainiarekin eta Musikeneko musikariekin osatutako egun zehatz baterako ikuskizun bat izan zen. Guztira zazpi dantzarik eta bost musikarik osatu genuen taldea. Erronka bat izan zen, musika ere zuzenean genuelako. Ezberdina izan zen, kutsu klasikoago batekin eta Edgar konpositorearen musikarekin. Iker Arrue izan da obraren zuzendaria. Aspaldiko nire laguna, elkarrekin ikasi genuen Madrilen. Batera lan egiteko aukeraren zain egon gara eta azkenean etorri da.

Laster zure bakarkako lana aurkeztuko duzu, Suddenly.

Aspalditik bueltaka nuen ideia baten ondorioz sortua da. Iazko urrian Mikel Laboa Katedra beka lortu nuen, eta finantziazio horri esker hasi naiz nire pieza hau aurrera ateratzen. Gainera, Gipuzkoako Dantzaguneak ematen duen Sortutakoak beka ere irabazi berri dut eta honen bidez obra luzatzen ari naiz, garapen edo bide bat ematen. Hain zuzen, garapen edo sorkuntza honen berri emango dut martxoaren 30ean Donostiako Gazteszenan. Working progress bat bezala izango da, nire lanaren prozesua adierazten duena, alegia. Piezak 20 minutu iraungo ditu, eta sarrera doakoa izango da.

Zertaz doa?

Egoera arriskutsu baten aurrean burutik pasatzen zaizkizun bihozkadetan dago inspiratuta. Txikitatik edifizio altuek beti deitu didate atentzioa, eta nire piezaren ideia zera da: altuera horretatik jauzi egiten badut, zer gertatuko litzake? Garunak arriskutsua den egoera baten aurrean izaten duen erreakzioak dira. Bertigoa, arriskua, inpultsua. Hor dago inspirazioa.

Argazkia: Mariló Míguez.

Zein da piezaren mezua?

Nire lan honetan kolore arrosa asko erabili dut. Kolorea inpaktua lortzeko bide bezala erabili nahi izan dut. Dantza garaikidean kolore neutroak eta gai ilunak dira nabarmentzen direnak. Nire helburua da beraz, irudiarekin inpaktatzea, eszenografia freskoa izatea, baina era berean arriskutsua den ideia bat kontatzea.

Zein baliabide erabiliko dituzu performancean?

Iletsua den 3,5 x 3 metroko alfonbra arrosa bat dago eszenatokian. Horrekin batera, kaktus bat. Elementu hau arriskutsua da, min ematen dizu baina era berean polita da. Emanaldia horrela hasten da. Kaktusa ikusten dut, ederra iruditzen zait, erakarri egiten nau baina badakit min emango didala. Kaktusaren erakargarritasuna eta arriskua, alfonbra iletsuaren goxotasuna eta babesaren aurka.

Interpretea izateaz gain, koreografia ere zu zeuk sortu duzu.

Beti esaten nuen ez nuela ezer egingo koreografo bezala. Izan ere asko gustatzen zait interpretatzea, besteek sortu duten pertsonaia edo munduan sartzea. Baina azken urte honetan ideia asko izan ditut eta baita bakarrik egoteko gogoa. Orduan ideia hauek plasmatzen joan naiz argazkiekin, testuarekin… 

Beldurra ematen dizu bakarkako jauzi hau ematea?

Bertigo pixka bat ematen dit, jakina. Baina hasiera hasieratik zerbait pertsonala den proiektu bat bezala hartu dut, eta nire helburua da benetan ateratzen zaidana egitea. Baditut konpainiekin proiektuak, eta hori da nire ogibidea. Hau berriz gauza pertsonalagoa da. Ondorioz, bertigoa baino gehiago plazerra izatea nahi dut. Nire helburua hasieratik hau izan da, eta espero dut horrela izatea.

Argazkia: Mariló Míguez.

Laguntzaileak izan dituzu.

Bai. Xabier Mujika izan da jantziak egin eta eszenografia muntatu duena. Horretaz gain, zuzendari laguntzaile bezala ere ibili da. Kanpoko begirada edo iritziak beti behar dira, feedback hori oso garrantzitsua da. Xabier proiektu honen oso parte da.

Gainera, argazkietan Marilo Miguez izan dut, eta bideoak osatzen Rakel Rodriguezek lagundu dit.

Aurre estreinaldiaren ondoren estreinaldia Leioako dantza eta antzerki jaialdian egingo duzu.

Festibal hau maiatzaren 18tik 22ra izango da, eta pare bat egunetan erakutsiko dut nire lana. Gainera ilusioz gainezka nago. Oraindik estreinatu izan gabe eta dagoeneko emanaldi batzuk atera zaizkit.

Non?

A cielo abierton esaterako. Espainiako kaleko dantza zirkuitua da. Honi esker Cadiz, Palman, Donostian eta Bilbon bezalako hirietan erakutsiko dut. Udara aldean izango da, ekainetik aurrera eta oso pozik nago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide