Zesta punta: desagertzeko arriskuan dagoen kirola

Pedro Amundarain 2017ko martxoaren 23a

Zumaiako Zesta Punta Elkarteak 9 urtez borrokatu du herrian frontoi bat izateko eta etorkizunari begira egoera kaskar batean dagoen kirola da.

Zesta punta Euskal Herrian jaiotako kirol bat da. 1926ko urtarrilaren18an Ganich Halsomet-ek Gure Erria aldizkarian argitaratu zuen gutunaren arabera, Senperen (Lapurdi) sortu zen 1857an. Bertan, gauza interesgarri asko ere idatzi zituen kirol eder horri buruz, "Pilota jokoaz, Euskal joko eder eta zoragarri horretaz hitz egin nahi dut. Uste dut oso lagun gutxik dakitela non eta zelan sortu zen Zesta Punta edo Xistera, eta iruditzen zait Euskal Herriko beste gauza asko bezala, hori ere galduko dela denboraren poderioz". Ez zebilen oker.

Xistera nazioartean gehien hedatu den euskal kirola da, izan ere, XIX. mendean Europara, Ipar-Hego Amerikara eta Asiara zabaldu zen. Nazioartean eta Euskal Herrian frontoi berriak eraikitzen hasi ziren kirolari mundu mailako ospea emanez. Horrekin batera, hemengo jokalari askok profesional moduan kanpora irteteko aukera izan zuten eta bide batez, euskal kulturak munduan zehar bidaiatu zuen.

Urte asko igaro dira zesta-puntaren garai onenetik. 90eko hamarkadatik aurrera kirol honek sekulako beherakada nabaritu du eta bere etorkizuna arriskuan ikusten da.

Zumaian, hain zuzen ere, xisteraren beherakada nabari da. 90eko hamarkadan Estatu Batuetara, Mexikora edo beste edozein herrialdetara jokatzera joan zirenak bueltatu egin dira eta han gelditu direnek ere beherakada jasan dute.

Beherakada hori nabarmen ikusten da, Zumaiako Zesta-Eskolan. Gaur egun, 13 jokalari daude senior mailan eta Aitzol Etxabe (eskolaren zuzendaria lau urtez) gaztea zenean (1990eko hamarkadan) 50 jokalarik osatzen zuten taldea. Gipuzkoako kostaldean dagoen herri honetan, futbola, eskubaloia, arrauna, piragua, surfa... eta kirol gehiago praktikatzen dira eta guztiek daukate zestak baino etorkizun handiagoa. Beraz, ume askok kirol bat baino gehiago praktikatzen duten arren, bat aukeratzeko garaia heltzen zaienean, zesta punta praktikatzeko aukera alboratzen dute.

Kosme Agirrek, esaterako, hasiera batean esku pilotan jokatzen zuen eta frontoian denbora asko pasa ostean, zestan hasi zen. Kirolari gazteak ere badaki xisterak beherakada handia izan duela. Horregatik, "Xistera izeneko enpresa bat sortu zuten zestari bultzada bat emateko. Tamalez, zestak egoera txarrean jarraitzen du"

Munduko txapeldun den Iñaki Osa Goikoetxeak ere txikitan ez zuen zesta jokatzea hautatu. Munduko txapeldunak, kirol guztiak praktikatzen zituen eta "geroago aukera eman zidaten kanpora, Italiara, profesional bezala joateko eta horrexegatik jarraitu nuen zestan jolasten", gogoratzen du Goikoetxeak.

Bakarkako edota binakako kirola izanik, frontoian lagun talde handia egiten da. Futbolean edo kirol handi eta ezagunetan bezala, jolasteko adiskideak behar dira, beraz, esan daiteke xistera ez dela ematen duen kirol indibidualista. Ideia honekin bat egiten dute Agirrek eta Goikoetxeak. Munduko txapeldunak zestan hasi zeneko oroitzapen politak ditu, "Lagunekin asko jolasten nuen frontoian eta asko hurbildu nintzen batzuei eta azkenean, han denbora gehiago pasatzen nuen ekintza desberdin asko egiten". Agirreren kasuan, esan bezala, esku pilotan hasi zen. Beti frontoian zegoen eta lagunak xisteran ibiltzen ziren. Azkenean, zesta hartzea bururatu zitzaion probatzeagatik eta "engantxatu" egin zela aitortu zuen.

Zumaiako frontoia noiz?

Duela 10 urte, Zumaiako zesta eta pilota eskolek albiste txar bat jaso zuten Odietako frontoi zaharra botatzeko agindua eman zuenean udaletxeak, 2007. urtean herria frontoi gabe utziz. Herriko frontoi txikia eta Zumaiako Herri Eskolako frontoia zutik geratu ziren arren, zestan edota esku pilotan zebiltzatenentzat, arazo larri bat ekarri zuen egoera hark. Inguruan, motibazioa eta motibazio falta zegoen. Motibazio falta, frontoia bota zutelako. "Hainbeste urte bertan jokatu eta gero, gure etxea bezala bihurtu zen Odieta", azaltzen du zuzendariak; eta motibazioa, frontoi berria egiteko "itxaropena" zegoelako. Azkenean, frontoi berriko esperantza luzatu egin zen. "Zulo bat bihurtu zen guretzako", gogorarazten du Etxabek. 

Jokalariek herrian bertan entrenatzeko aukera galdu zuten eta "jokatzen jarraitu nahi baldin bagenuen herritik kanpora joateko esan ziguten, ez zegoen beste aukerarik" adierazten du jokalari gazteak. Aizarnazabal, Getaria, Mutriku eta Donostiara joaten ziren entrenatzera eta jende askok kirola utzi zuen. "Egia esan, ez zegoen gogo gehiegi entrenatzera joateko", aitortzen du Agirrek. Zuzendariak jendearen gogo falta nabaritu zuen eta, berak esan bezala, gurasoak ere mugitu beharra izaten zuten haurrak eramatera. "Jendeak utzi egin zuen. Bai haurrek ez zutelako nahi eta baita gurasoak ez zituztelako nahi eraman beraien haurrak. Azkenean, konpromisoa gurasoena ere bazen”.

Agindutakoa betetzen ez denean, jendeak haserrea erakustea izaten da ohikoena. Halaxe gertatu zen Urola Kostako herri txikian, Zumaiako frontoia noiz? lelopean aldarrikatu zuten herritar batzuek frontoi berriaren beharra. Esku pilota edota xisterari lotutako jendea izan zen aldarrikapen horiek zabaldu zituztenak, gurasoak zein jokalariak. Herriko balkoi eta kamisetetan ikus zitezkeen aldarrikapen mezuak. 

Zumaiako frontoia prest

Zorionez, 2016ko uztailaren 25ean Aitzuri (Frontoi berria) zabaldu zen. Horrek, aipaturiko gurasoen konpromisoarekin amaitu zuen eta orain, lehen bidaiatu behar zituzten kilometro kopurua, minutu gutxi batzuk bihurtu dira.

Inaugurazioa festa giroan ospatu zen. Aste bete lehenago frontoi berria irekitzeko gogoa sumatzen zen herri guztian zehar, izan ere, sarrera guztiak saldu ziren ordu gutxitan, sekulako ilarak sorraraziz turismo bulegoko atarian. 

Aitzurik, Olaizola II-Albizu eta Irribarria-Zabaleta osatutako bikoteek jokatutako eskuz binakako norgehiagokarekin zabaldu zituen ateak. Bigarrenak nagusitu ziren 22-9ko emaitzarekin. "Frontoi bat ez da egunero estreinatzen eta polita da horrelako egunetan parte hartzeko aukera izatea", adierazi zien Irribarriak partida bukatu ostean bertaratutako Baleikeko (Zumaiako aldizkaria) kazetariei.

Jarraian, Lucia Lacarrak (Zumaiako dantzari ospetsua) bere senar Marlon Dinorekin  eskainitako dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten Aitzura gerturatutako 700 lagunek.

Dantzaldiaren ondoren, hirugarren aldiz, kirola aldatu zen zesta puntari txanda emanez. Goikoetxea eta Inza bikoteak, Egiguren eta Enbilen aurka jokatutako bi partidak irabazi zituen. Ikuskizuna amaituta eta frontoi berria ezagututa pozik utzi zuten ikusleek Aitzuri pilotalekua.

Red Bull-en apustua

Xisterak desagertzeko aukera asko izanda ere, Red Bull marka Austriarrak kirol honen alde apustu sendoa egin du. Haien ustez, muturreko kirol bat da pilotak hartzen duen abiadurarengatik. Gaur egun, abiaduraren errekorra 302 km/ordukoa da. Bide horretatik, munduko txapelketa 17 aldiz irabazi duen Iñaki Osa Goikoetxearen babeslea izatea erabaki zuen multinazionalak. "Gehienbat muturreko kirolak bilatzen dituzte eta zestan pilotak duen abiadura azkarra arriskutsu ikusten dute eta erakarri egiten ditu", aipatzen du kirolari beteranoak. Agian buruan kaskoa eramateak ere apustu horretara bultzatu ditu.

Red bullen apustuaz haratago, argia ikusten da xisteraren bide ilunean. 20 urtez itxita egon den munduko frontoi handienak ateak ireki ditu berriz ere. Mexikon, Tabacalerako kolonian, kokatzen da eta 4200 inguru ikusle hartzeko gaitasuna du. Pilotaleku horren estreinaldian ere Imanol Lopez zumaiarra tartean izan da.

Pablo Ibarri omenaldia Aitzurin

Ameriketako Estatu Batuetan preso dagoen Pablo Ibarren aldeko zesta punta jaialdia jokatu zen 2017ko urtarrilaren 7an. Pilota eskolako haurrek jokatu zuten hasieran kiniela moduan eta ondoren, Koxme-Ekaitz eta Telmo-Uranga bikoteak partida jokatu zuten. Azkenik, partida nagusian Goikoetxea-Inza eta Egiguren-Enbil bikoteen partidua jokatu zen. Sarrerak 10€ balio zuen eta bildutako irabaziak Ibarrek zuen epaiketaren gastuak ordaintzen laguntzeko erabili ziren. 

Aitzol Etxabek, zesta eskolako zuzendariak, azaldutakoaren arabera, "proposamen bat egon zen udaletxetik eta justu, nik zestako jaialdi bat antolatuta neukan. Azkenean, antolatutakoari izena aldatu genion eta Pablo Ibarren omenaldia bihurtu zen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide